Berriak ostalari eta merkatari elkarteak beherapenei bukaera emateko azoka antolatu du. Komertzioek estokean gelditzen zaizkien produktuak aterako dituzte azokara, normalean baino merkeago eta herritarrek bertan ikusi eta erosteko aukera izango dute. Azoka Atsegindegin izango da, goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00ak arte. Bertan, denda bakoitzak bere postua izango du, dagozkion produktuak jartzeko.
Beste zenbait azoken eredua
Horrelako azokak herri bat baino gehiagotan egiten dira, eta denborarekin, Hernanikoak ere indarra hartzea da helburua. Aurtengoa ez da egiten den lehen aldia, baina, beti leku txikiagoetan jarri behar izan dute. Hernanin horrelako azoka bat jartzeko leku itxirik ez dago gaur egun, eta horregatik egun berean jarri eta kenduko dute Atsegindegikoa. Berriakeko kideek Kronikari esan diotenez, oraingoz urtean behin egingo dute, baina, baliteke udarako beherapenen ondoren ere egiten hastea.
Prezio bakarra
Sal-erosketa errazte aldera, beherapenak blokeka egingo dira, produktu zenbaiti prezio berak jarrita. Alegia, portzentajeko beherapenak izan beharrean, prezio konkretu bat jarriko zaie produktuei. Merkatarien esanetan, dagoeneko produktu berriak iristen ari zaizkie dendara, eta lehendik geratu zaizkienak ateratzeko formularik onenak bilatzen saiatzen dira. Beraz, aukera paregabea bilatu nahi duenak begiratu bat behintzat eman beharra dauka datorren larunbatetan, zenbait gauza ´oso beheratuta` aurkituko baititu bertan. Postuak jartzeko aukera irekita dago Orain artean 15 bat komertzio dira azokarako izena emanda daudenak. Denetariko gauzak egongo dira bertan: kirolak, kaleko erropak, barruko erropak... eta oraindik gehiago izateko ere aukera bada. Interesatuta dauden komertzioek Berriakera deitu beharko dute (943 33 30 49). Berriakeko bazkideek ez dute ezer ordaindu beharrik postua jartzeko, eta bazkide ez direnentzat ere ´zerbait sinbolikoa` izango da Kronikari esandakoaren arabera. Ostalari eta merkatari elkarteak herriko komertzioak animatu nahi ditu parte hartzera, ´geroz eta gehiago izan eta azoka hobea izango baita`.
Dami Moriana-Berriak elkarteko lehendakaria:
«Estokean dauzkagun produktuak ateratzeaz gain, dendariak herritarren aurrera azaltzea ere bada helburua»
Dami Moriana Hoki mertzeriko nagusia da Berriak elkarteko lehendakaria, eta Kronikari azaldu dionez, estokean dauden produktuak ateratzeko helburu nagusia izateaz gain, helburu gehiago ere baditu azoka honek: ´horietako bat da dendariak herritarren aurrera azaltzea. Askotan Kaxkoan ibiltzen den jendeak ez du kanpokaldeko komertzioa ezagutzen eta horrela herrian dagoen eskaintza eman nahi da ezagutzera`.
Lehendik ere antolatu izan du Berriakek beherapenei bukaera emateko azoka hau, baina, beti leku txikiagoetan. Aurtengoari jarraipena emateko asmoa dute, eta espero dute poliki-poliki beste herri batzuetan hartu izan duen indarra hartzea: ´momentu honetan 15 bat komertzio gaude azokarako izen emanda. Pentsatzen dugu urtez-urte indarra hartzen joango dela azoka hau, beste herri batzuetan ere horrela hasi eta azoka haundiak egitera iritsi baitira`. Oraindik ere parte hartu nahi dutenentzat ateak irekiak ditu azokak; interesatutako komertzioek ez dute astean zehar Berriak elkartera deitu besterik, edo bazkide ez direnen kasuan, bazkideren batekin harremanetan jarri besterik.