Hauteskundeei begira, Iñaki Arratibelen esperientzia nabarmendu zuten aurkezpen prentsaurrekoan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 11a, 01:00

EUSKO Alkartasunak datorren hauteskundeetarako hautagaia, Iñaki Arratibel, aurkeztu zuen atzo prentsaurrean. Joxan Rekondo eta Iñaki Galdos ere izan ziren. Aurkezpenean, Joxan Rekondok hartu zuen hitza eta nabarmendu zuen Iñaki Arratibelek Hernaniko udaletxean egidako urteetan, ´bere bizkar hartu dituela urte hauetako desafio garrantzitsuenak`. Horien artean aipatu zituen AASSak, ´parte hartze zabalarekin eta udaletxean dauden partidu guztien kontsentsuarekin osatutakoak`. Joxan Rekondok aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordeak begi onez ikusi dituela udaletxean onartuako AASSak. Gogorarazi zuen, orain Diputazioari dagokiola arauak onartzea. Arratibelek egindakoen artean AMR enpresa herrigunetik ateratzea eta eremu horretan babestutako etxeak egiteko hitzarmena ere azpimarratu zuen Alkateak. Arratibelek esperientzia eta gaztetasuna ´dosi egokian` biltzen dituela nabarmendu zuen eta ezaugarri hauekin ´EAko aurpegi publikoa` izango dela esan zuen, datorren 8-10 urteetan.

Koaliziorako gaitasuna
Herriko politikagintzaren irakurketa egin zuen segidan Joxan Rekondok. Esan zuen herrian hiru ildo politiko daudela: ezker abertzale radikala; eskuin española; eta nazionalismoa eta ezkerra biltzen dituen espazio politikoa. Hirugarren eremu honek ´lidergorako, buru egiteko, gaitasuna eta koalizioak osatzeko duen gaitasuna erakutsi du. Beharrezkoa dena, Hernaniren identitatea aniztasunari lotuta baitago` azpimarratu zuen. Esan zuen Hernani eskualdeko hiriburua izateko erronka behar duela izan eta partidu artean izan diren liskarrek, bide horretan oztopo direla.

Etorkizuneko erronkak
Iñaki Arratibelek hartu zuen hitza segidan. Bukatzear dagoen legealdiaren balorazioa egin zuen eta urte hauetan emandako urrats garrantzitsuenak aipatu zituen: ´AASSak onartzea, non etxebizitza arazo larriari irtenbideak emateko lehen urratsak eman diren; PERCOa inplementatzea, herriko merkataritza sustatzeko; Txotx mahaiari bultzada eta SagardoGunea; Haurreskolako plazak hirukoiztea; auzoetako berrikuntzak, eta abar`. Datorren legealdiko erronkak ere aipatu zituen. -Elkarbizitza hobetzea aipatu zuen aurrena: ´herriko aniztasun politiko, sozial eta kulturala babestea; eta txotx garaiko interes gatazkei erremedioa jartzea`. -Etxebizitzaren arazoa ere aipatu zuen erronken artean: ´AASSa garatu non etxebizi-tzen %50a babestutakoak diren. Horrekin batera alkilerrari bultzada eman`. -Herriko ekonomia dibertsifikatu beharra ere etorkizuneko erronka dela aipatu zuen: ´Chillida Leku eta SagardoGunea elkar osatzea; komertzioa eta turismoaren zinegotzigoa sortzea; eta Galarretako parke teknologikoa garatzea`. -Administrazioaren kalitatea hobetzeko beharra ere aipatu zuen: ´Epele-Ereñotzuren deszentralizazioa; Buruntzaldea eskualdea estrukturatzea; eta udal administrazioaren eraginkortasuna hobetzea, hala nola, Udaltzaingoa, zerbitzu publikoak, administrazio tramiteak, eta abar`.

Errelebo naturala
Iñaki Galdosek esan zuen Arratibelek erreleboa hartzea prozesu naturala izan dela eta garbi egon dela, ´bere biziko protagonismoa` izan duelako. Joxan Rekondori ere eskerrak eman zizkion egindako lanagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!