Hernaniko taldeak Berria txapelketako partiduak izango ditu bihar Urnietan, goizeko 10:30etan hasita, Añorga talde gogorraren aurka. Kadeeteetan Ioritz Arrieta eta Haritz Otaegi, Iriondo eta Jauregiren aurka ariko dira. Lauek dute maila altua eta hernaniarrek aprobetxatu beharko dute bi añorgarrak aurrelariak izatea. Jubeniletan, Aitor Mendizabalek eta Eñaut Esnaolak, Eskudero-Sagasetaren aurka jokatuko dute. Añorgakoak Gipuzkoako onenetakoak dira, baina Hernanik Antzuolako Mendizabal fitxatu du eta partidu gogorra espero da. Nagusietan, Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategi, Erroizenea-Jauregiren aurka ariko dira. Erroizenea-Jauregi egindako bikotea da, baina hernaniar gazteak borrokarako gogoz daude.
Hernanik talde txukuna osatu du aurten eta Añorgaren aurkako kanporaketa zaila irabaziz gero, oso aurrera joan liteke. Taldeko arduradunek Hernaniko pelotazaleei eskatu diete bihar Urnietara azaltzeko, taldea animatzera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!