Joan den asteburuan ez zuten seniorrek bakarrik jokatu Madrilgo Alcobendas taldearen aurka, alebin eta benjaminek ere bilkura izan zuten eta oso gustora etorri dira bueltan. Hernaniko bi taldeak jendez oso justu joan ziren, Madrilgo bidaia luzea medio gaztetxo asko etxean gelditu baitzen, baina, Madrilgo taldeei hortzak erakusteko adina izan ziren. Horrez gain, taldeko arduradunek azpimarratu dute Alcobendasko monitore, zuzendaritza kide eta gurasoen jarrera eta eskerrak eman dizkiete. Dirudienez, hirugarren denbora oso ona izan zuten aurreko biak bezalaxe, eta zelaian galdutako indarrak azkar berreskuratu zituzten.
Bi taldeak sendo
Alebinek ondo eutsi zioten lehen zatian madrildarrei eta atsedenaldira 0-0 iritsi ziren. Bigarren zatian, ordea, aldaketa asko egin zituzten etxekoek eta Hernanik bat bera ere egiteko aukerarik ez zuen izan. Nekea aprobetxatuz 15-0 irabazi zuten etxekoek. Benjaminak ere oso ondo aritu ziren eta entsegu bat ere egin zuten, baina Hernanikoak lehen urteko benjaminak dira eta adin desberdintasuna nabaritu egin zen. Alcobendasek 20-5 irabazi zuen.
Jubenilak finaleko ateetan
Jubenilen taldeak partidu garrantzitsua du gaur, 16:30etan Donostian, Atletiko San Sebastianen aurka. Final-aurreko bueltako partidua izango da eta Hernanik 3 tantuko aldea daramaki, orain bi aste 18-15 irabazi baitzuen Landaren. Orain artean, zenbait jubenil seniorrekin jokatzen aritu dira, baina asteburuan ez du partidurik lehen taldeak eta jubenilek guztiekin aritzeko aukera izango dute. Hernanik aukera asko ditu, beraz, aurten ere Euskal Herriko finalean sartzeko.