HIRI Debekatuaren Mapa osatu nahian dabil Udaleko Berdintasun Saila. Mapa herriko hirigintzaren inguruan gogoeta egiteko bidea da, azken finean, herriko espazio publikoa eta ekipamenduak, nork, nola, noiz eta zertarako erabiltzen dituen aztertuko dute. Espazio hauek denon eskura egon daitezen, proposamenak ere bildu nahi dituzte. Saio hauetatik ateratzen dena kaleratu egingo da eta Udalean leku horiek hobetzea ere eskatuko da. Hiri Debekatua osatzeko prozesua joan den azaroan hasi zen eta fase ezberdinak izan ditu. Aurrenekoa ikastetxeetan egin dute eta orain datorren bigarren fasean, herriko emakumeei dei egin nahi diete saio batzuetan parte hartzeko, herriko espazioari buruz gogoeta egin eta proposamenak jasotzeko. Saioak 3 edo 4 ordukoak izango dira.
Orain ikasleekin ari dira
Momentu honetan ikastetxeekin ari dira. Hernaniko ikastetxe guztietako 14 eta 16 urte bitarteko gazteak ari dira parte hartzen fase honetan, guztira 269. Hasteko, saioak dinamizatzen ari diren Hiri Kolektibokoek (arkitekta urbanista taldea), hirigintza eta generoaren inguruko bi tailer egiten ari dira. Aurrenekoan sarrera teoriko txiki bat jaso dute, herriko mapa landu dute, eta taldeka jarri eta argazki kamara hartuta, herriko txokoei argazkiak atera eta fitxak osatu dituzte. Txoko horiek sortarazten dutenaren inguruan egin dute gogoeta: erosotasuna, beldurra, konfidantza, iritsi ezina, zaitasunak, eta abar. Bigarren saioan, jasotakoa landu eta collage bat egingo dute taldeka. Osatutako collage guztiekin erakusketa egingo da martxoaren 19tik 31ra, Biteri kultur etxean. Lanketa honetaz gain, Langile eta Inmaculada ikastetxeko 152 ikaslek beste fase batean hartuko dute parte. Neskek autodefentsa ikastaroa egingo dute eta mutilek gizontasuna eta indarkeriaren inguruko tailerra egingo dute. Apirilean, Herne taldekoekin (neska gazte talde feminista) hainbat ekitaldi egingo dira, gazteen interesen araberakoak. Asmoa da ikastetxeetako neskak Herne ezagutzea eta hauek animatzea taldean parte hartzera.
Espazioa berreskuratu
HIRI Debekatuaren mapa osatzeko lanean ari den teknikariak azaldutakoaren arabera, orain arte egindako tailerretan jendea oso gustora dabil. ´Gazteak emozionatuta daude, zer esana dutelako eta protagonista sentitzen direlako. Espazioa berreskuratu dezaketela sentitzen dute`. Egindako zenbait ariketa Proposatutako zenbait ariketa ere azaldu ditu teknikariak. Orri bat banatu zen eta bertan pertsona batek egun batean bisitatzen dituen eraikin ezberdinak zeuden irudikatuta: bizilekua, banketxea, lantokia, merkatua, eta abar. Emakumezko eta gizonezkoek egunean zehar egiten duten ibilbidea markatu zuten mapa horren gainean errotulagailuz. Teknikariak azaldutakoaren arabera, ariketa honetan argi ikusten da gizonezko eta emakumezkoak hiri barruan ezberdin funtzionatzen dutela. Emakumezkoak herri barruan buelta ugari ematen dituzte, merkatutik, etxera, ikastetxera, lantokira eta abar. Ibilbidea gehienetan oinez egiten dute. Gizonezkoak egunean bi edo hiru puntu bisitatzen dituzte, batetik bestera ibilbidea luzeagoa egiten dute eta gehinetan kotxez mugitzen dira. Teknikariak adierazitakoaren arabera, honek ikustarazten duena da: ´lan erreproduktiboak (erosketak, enkarguak, mota guztietako zaintzak, familia eta lagunekin harremanak, eta abar) emakumeen ardura direla eta honek bizi kalitatean karga haundiegia suposatzen du. Lan hauen banaketa egokia oso aberasgarria litzateke gizon eta emakumezkoentzat`.
Taldeak
MARTXOAK 23, ostirala. (Gazteleraz). Arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, Pleno Aretoan.
MARTXOAK 24, larunbata. (Gazteleraz). Goizeko 10:00etatik 13:00etara, Biterin.
MARTXOAK 26 eta 27, astelehena eta asteartea. (Euskeraz). Goizeko 09:00etatik 11:00etara, bi egunetan, Biterin.
MARTXOAK 26 eta 27, astelehena eta asteartea. (Euskaraz). Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, bi egunetan, Biterin.
IZENA EMATEKO: Egitasmo honetan parte hartzeko izena eman behar da: 625706760 telefonoan edo kontseilua1@hernani.net-en.