Joan den ostegunean aurkeztu zuten Donostian Emakumeentzako Jabetze Eskola. Ekimenak emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko pausu bat izan nahi du eta lau udalerriek, elkarlanean, jarriko dute abian, Diputazioaren laguntzarekin: Hernanik, Eibarrek, Irunek eta Arrasatek.
Zer da ‘Jabetze eskola’?
Jabetze, ingelesezko enpowerment hitzetik dator eta bere esanahia da: ahalduntzea, trebatzea eta zilegitzea. Juana de Bengoetxea Irungo Udaleko arduradunak azaldu zuenez, ´Jabetzea, emakumeok eremu publikoan gizonezkoen esku utzi dugun erabakitzeko ahalmena berreskuratzea litzateke. Kontzientzia soziala sortzea nahi dugu`. Jabetze eskolan, emakumeei jabetza prozesuan laguntza ematen saiatuko dira, ikastaroen eta bestelako ekintzen bitartez.
Helburu orokorra eta formakuntza
Emakumeentzako Jabetze Eskolaren helburu orokorra hauxe da: Emakumeen parte-hartzea sustatzea, eragina izan dezaten bai politika publikoetan, bai gainontzeko esparru sozial eta kulturaletan, non historikoki baztertuak izan diren. Helburu hau betetzeko hiru ataletan emango dituzte pausuak. Batetik, formazioan; emakumeentzat ikastaroak sortuko dira eta unibertsitatean ikasten duten emakumeek aukera izango dute kredituak lortzeko, bai EHUn eta bai Mondragon Unibertsitatean. Analisi eta sistematizazioan ere emango dira pausuak; udaletxe ezberdinek informazioa biltzeko eta aztertzeko irizpide homogeneoak erabiliko dituzte ebaluaziorako. Azkenik, formatzaileak formatuko dituzte: ikastaroetan, formatzaile bezala jarduteko ahalmena duten emakumeak identifikatuko dituzte eta eragile taldea sortuko dute beraiekin, eztabaida zabaldu eta emakume gehiago ekimenean sartzeko.
Jabetze eskolako ikastaroak
Jabetze eskolan hiru motatako ikastaroak izango dira: luzeak (70-80 ordukoak), laburrak (10-30 ordukoak), eta unean uneko ikastaro eta ekintzak (hitzaldiak, bideo emanaldiak, irteerak, eztabaidak...). Ikastaroak euskeraz eta gazteleraz izango dira eta gutxienez 8-10 ikasle beharko dira hauek martxan jartzeko. Ikastaro eta ekintza guztiak ekimenaren helburu orokorra betetzeko daude pentsatuak eta gai ezberdinak jorratuko dituzte:
-Jendaurrean hitz egiteko teknikak
-Autodefentsa
-Parte-hartze sozio-politikoa
-DJ lantegia
-Irratia eta komunikazioa
-Blogak eta komunikazio digitala
-Subjektibotasun eta identitate femeninoa
-Maitasun harremanak eta tratu onak
Ikastaroak apirilean edo irailean hasiko dira, udalerri bakoitzaren arabera. Epe laburreko hainbat ikastaro apirila eta ekaina bitartean izango dira eta ikastaro luzeak irailean jarriko dituzte martxan. Hernaniko Berdintasun kontseiluak orain arte abian jarritako ekimenak Jabetze eskolaren barruan sartuko dira aurrerantzean. Informazio gehiago biltzeko Hernaniko Udaleko Berdintasun Kontseiluarekin jarri harremanetan: Agurtzane Zubero, Hernaniko Berdintasun teknikaria (irantzu-j@hernani.net edo 943-337017).
Elkarlanaren garrantzia
Jabetze eskola Ermua, Getxo, Basauri eta Ondarroako Udalek sortu zuten 2004an eta orduan hasi ziren Gipuzkoako hainbat udalerri ideia zabaldu nahian. Azkenean, 2006an proiektuaren diseinua lantzen ibili dira eta aurten jarriko dute praktikan. Diputazioak lagunduta, posible izango da aurten Jabetze Eskola txertatzea Hernanin, Eibarren, Arrasaten eta Irunen. Udalerri guztietako arduradunek beren udaletxeko berdintasun sailetako teknikarien lana nabarmendu dute, eta aipatu dute ´ikusten ez den lan hori gabe ez zela posible izango ekimen hau, ezta beste batzuk ere`. Txema Mercado, Hernaniko Gizarte Gaietako zinegotziak adierazi zuenez, ´elkarlana eta teknikarien lana dira gauzak ondo ateratzearen oinarria`, eta horren adibide, Buruntzaldeko euskararen egoera jarri zuen. Diputazioko ordezkari Ignacio Iragorrik ere hala esan zuen: ´Gure programen funtsezko oinarri da elkarlana`.