ASTEAZKEN arratsaldean hasitako haize bolada zakarrak utzi ditu ondorioak Hernanin ere. Udaltzaingoak emandako datuen arabera, asteazken arratsaldean eta ostegun goizaldean, teilak bat baino gehiago erori ziren auzo ezberdinetan eta zenbait kotxetan kalteak eragin zituzten. Kontenedoreak ere, behin eta berriro irauli ziren eta batzuk lurrean etzanda utzi zituzten haizeak eraman ez zitzan. Zuhaitzak ere erori ziren, batez ere Ereñotzurako bidean. Ondorioz, errepidea moztuta izan zen zenbait momentutan. Ereñotzu, auzo osoa, argirik gabe izan zen asteazken arratsalde gau parteko tarte batean. Haizearen ondorioz atzo ez zen apenas arropa posturik izan, ferian. Postua kentzen ari zen arropa saltzaile batek esandakoaren arabera, arropak erraz eramaten ditu haizeak eta hori dela eta, panorama ikusita, ez ziren postua jartzera animatu. Janari postu gehienak izan ziren atzo ferian.
Euria ere asko
Haizeaz gain, euria ere asko bota du egun hauetan eta kolpetik gainera. Ereñotzuko estazioko datuen arabera, asteazken arratsaldeko 19:20-19:40 artean 1,7 litro bota zituen m2-ko. Ostegun goizaldean ere euri asko egin zuen, trumoi eta tximistek lagunduta gainera. Ostegun goizaldeko 01:50-02:10 artean 2,5 litro bota zituen. Asteazken egun osoa eta ostegun eguerdi artean, 42,1 litro bota ditu m2-ko. Añarbe %70ean Botatako euria dela eta Urumeako ura marroituia dator eta Landare parean, nahiz eta ubidetik ateratzeko puska bat falta, maila oso altua du urak. Añarbeko presa %70ean dago momentu honetan eta 44 hm3 ur dago. Gaur giro kaskarrarekin jarraituko dugu eta arratsaldean baretu egingo du. Bihar arratsalderako lainoak ugaritu egingo dira eta haizeak gogor jo dezake.