Sagarrondotik 07 jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian, Anoeta hotelean. Bertan Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteko bi ordezkari izan ziren, jaialdian parte hartuko duten musikari batzuekin batera (Zea Mays, Atom Rhumba eta Skalariak). Prentsaurreko hasieran, antolatzaileek jakinarazi zuten Raimundo Amador, bertan izatekoa zena, ezin izan zuela etorri, eguraldi txarragatik bere hegaldia ez zelako Sevillako aireportutik atera.
´Opari bat jaialdia jarraitu duten guztiei`
Jaialdiak bosgarren urtemuga du aurten eta antolatzaileek ´ahalegin berezia` egin dute aurten musikarien mailak gora egiteko: ´Urtero jaialdia jarraitu dutenentzat opari bat izatea nahi dugu` esan zuten. Antolatzaileek Sagarrondotik jaialdiaren lehen edizioa gogoratu zuten, Txantxillan egindakoa, eta adierazi zuten ´zirrara` sentitzen zutela gorputzean atzera begiratzerakoan. Aurreko lau urteetan izan diren ´36 artista haundiak` ere gogoratu zituzten.
The Bon Scott Band eta Obrint Pas, kontzertuak ixten
Ostiralean (martxoak 16), 22:00etatik aurrera, Skalariak, The James Taylor Quartet, La inconsciencia de Uoho (taldearen estreinako kontzertua), Delorean eta The Bon Scott Band izango dira eszenatokian eta azken talde honek itxiko du ostiraleko kontzertua. Larunbatean (martxoak 17) berriz, 21:00etan hasita, Zea Mays, Atom Rhumba, Julieta Venegas, Obrint Pas eta Raimundo Amador izango dira entzungai. Julieta Venegas en presentziari buruz, antolatzaileek zioten ´apustu bat` izan dela, konturatu direlako ´estilo ezberdinetako ikusle asko` biltzen dituela; eta Raimundo Amadorri buruz esan zuten, ´plazer haundia` dela bera berriz Hernanin izatea. Bi egunetan, 18:00etan irekiko dituzte takilak eta kontzertua hasi baino ordubete lehenago, berriz, karpako ateak. Kontzerturako 3.000 m2 -ko karpa jarriko dute Karabel auzoan (azken bi urteetako tokian), eta jendea eroso egon dadin, beste bi karpa jarriko dituzte, ´mokadutxoa egin eta sagardo pixka bat edateko egokia`, antolatzaileen esanetan.
Musikarientzat ‘ohorea’ Musikariek hartu zuten hitza gero, eta Zea Mayseko eta Atom Rhumbako partaideek esan zuten ´ohorea` zela beraientzat jaialdian parte hartzea. Zea Mayseko Pipik adierazi zuen ´taldearen bi pasioak nahasten dituela jaialdiak: musika eta sagardoa`. Ondoren, Skalariak-en azken birako bideoa jarri zuten eta taldeko abeslariak esan zuenez, Ska republik tour bira berria Hernanin hasiko dute. Bukatzeko, musikariek sagardo botila batzuk ireki eta topa egin zuten.
Martxoaren 18an herri kirolak
Martxoaren 18an, igandea, IV. kirol lehia jokatuko dute Urnietan sagardoaren lurraldeko lau taldeek: Hernanik, Astigarragak, Urnietak eta Usurbilek. 11:00etan izango da, frontoian. 10:00etatik aurrera, Buruntzaldeko artisauen azoka izango da herriko plazan eta burduntzian erretako bildotsa eta sagardoa dastatu ahal izango da.