Teknikari batek Hernani, Urnieta eta Astigarragako komertzioak ikuskatuko ditu

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 8a, 01:00

ONGINTZA Patronatuko KIUB (Kontsumitzaileen Zerbitzurako Udal Bulegoak) arloko teknikari batek Hernani, Astigarraga eta Urnietako komertzioak bisitatuko ditu, aste honetatik aurrera. Pertsona behar bezala identifikatuta joango da eta ikuskatuko du, besteak beste, derrigorrezkoa den kexa-liburua ba ote den, ordutegiei buruzko informazioa badagoen, edota merkataritza legea betetzen ote den. Ikuskapenak herriko 450 bat establezimendutan egingo dira. Ohiko komertzioez gain, gasolindegiak, tailerrak, ileapaindegiak eta bestelako dendak ere bai. Lehenik eta behin establezimendu guztien zerrenda osatuko dute. Zerrenda osatzen dutenean ikuskapenak pixkanaka eta gradualki egingo dira.

Eusko Jaurlaritzak eskumena
Araudia bete ezean Eusko Jaurlaritza da zigortzeko eskumena duena. Ekimen honen barruan dauden hiru Udalak Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendariarekin bildu dira, ekimenaren berri eman eta elkarrekin lankidetzan aritzeko. Dendarien elkarteekin ere harremanetan jarri dira, horiekin lankidetzan aritzeko. Andoni Amonarraiz Ongintzako lehendakariak dioenez, ´helburu nagusia ez da zigortzea, dendek araudiari dagokionean, ongi edo gaizki egiten dituzten gauzei buruzko informazioa ematea baizik; eta baita gure dendek zerbitzu hobea eman dezaten saiatzea ere, lehiakorragoak bihurtuz, kontsumitzaileentzat erakargarriagoak izanda`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!