‘Hernaniko moto lagunak’ moto klubak estreinako irteera egin zuen

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 6a, 01:00

Hernaniko moto lagunak moto kluba sortu berriak 40tik gora lagun bildu zituen igandean Atsegindegin klubaren estreinako bidaia egiteko. Errioxa aldera joan ziren, San Vicente de la Sonsierrara, hain zuzen, Zurbano bodegak bisitatzera. Bidaiak Hernani, Urnieta, Lasarte eta Irungo jendea bildu zuen. Bidaia bigarren mailako errepideetatik egiteko asmoa zuten eta bodegan ardoa nola egiten den ikasi zuten, bazkari oparoa egiteaz gain. Esperientziadun jendea Moto kluba Iñigo Gallastegi, Angel Gil eta Alberto Arenales hernaniarrek sortu dute eta kluba orain sortu duten arren, 8 urte daramazkite horrelako bidaiak egiten: ´7garren urtea da bodega honetara goazena, eta Pinguinoseko kontzentrazioan, Chesten, Montmelon eta beste leku askotan ere izan gara` diote. ´Kluba sortu dugu, ofizialki, motoak maite dituen jendea elkartzeko eta Hernani herria, hemendik kanpo ezagutzera emateko` diote. Ekintza gehiago Udararako beste irteera bat antolatu nahi dute bodega batera, eta gauza gehiago ere badauzkate buruan bueltaka: ´Gogoz gabiltza eta agian hamaiketako bat antolatuko dugu, kontzentrazio modura. Moto akrobaziak ere ekarri nahi ditugu Hernanira`. Horretarako dirua ateratzeko kamisetak saltzeko asmoa dute. Nabarmendu nahi dute moto klubeko bazkide izateko ez dela motorik behar, bakarrik motoenganako zaletasuna izatea eta 14 urte beteak. Beraiekin kontaktuan jartzeko: 636912941 (Angel).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!