«Eztabaidatzeko eta zertaz hitz egina izateko, antzerkia ikusi beharra dago»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 6a, 01:00

JOSEBA Apaolaza ikusteko aukera izango dugu gaur Biterin ‘Artea ‘antzezlanean, Ramon Agirre eta Asier Hormaza aktoreekin batean. Antzezlana arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Biterin. Koadro moderno batek lagunen arteko eztabaida piztuko du. Adiskidetasuna, arte modernoa, umorea eta gogoeta dira antzezlanaren osagai nagusiak. Joseba Apaolazak gaur ikusi ahal izango denaren berri eman digu.

Arte modernoa eta adiskidetasuna: kasualitatez nahasten al dira bi gai hauek?
Antzezlanean, lagunen artean, artearen subjetibidadeari buruzko eztabaida sortzen da. Eztabaida honek mikaztu egiten du lagunen arteko harremana. Artearen inguruko eztabaida mantendu egiten da obran zehar. Gai honek gaurkotasun haundia du, artelan batek zergatik balio duen hainbeste eta besteak ez. Lagunen arteko harremana, maitasuna, ere interesekoa da, gai unibertsala baita. Uste dut gaiak interesgarriak direnez, ikusleak segituan sartzen direla obran. Pertsonaje bakoitzak, bere ikuspuntua defendatzen du, eta hau ere aberasgarria da oso. Jendeak erabaki behar du zein den bere posizioa eztabaidan, eta alde horretatik antzerkia parte hartzailea dela esango nuke. Jendea jokoan sartzen da.


Zein pertsonaje antzezten duzu zuk?
Nere pertsonajea Ibon da, bi lagunen arteko eztabaida erdian kokatzen dena. Sergiok koadroa erosi du eta Markosi ez zaio gustatzen. Ibonek bakea egon dadin saiakera egiten du, tentsio hori lasaitzen saiatzen da.

Nola moldatu zara zure pertsonajea lantzerako garaian?
Oso gustora aritu naiz. Halako lan batek txoko asko ukitzen ditu, erregistro ugari baititu. Paper komikoetan ohituta nago, eta hortik ere badu, baina, esate baterako, bukaera aldera, badaude une hunkigarri batzuk ere. Neretzat ikasbidea izan da eta, egia esan, pozez txoratzen nago.

Obra honekin harrera ona izan duzue, ezta?
Arrakasta izan da, baina bere neurrian. Obra dialektikoa da, ez masentzako. Oso emaitza onak lortzen ari gara eta oso kontentu gaude, baina ez da obra popularra, neurri batean obra kultoa da. Obrako testua Julia Marin-ek itzuli du euskarara eta itzulpen hori ulergarria izateak ere lagundu du. (Obra originala Yasmina Reza frantziarrak idatzi zuen).

Eta zein da ikuslearen funtzioa obra honetan?
Antzerkia erreflexiboa da eta ikuslea gogoetara eramaten du. Baina, komedia bat dela ere azpimarratuko nuke, ez da algara bizian aritzekoa, baina baditu momentu batzuk barre egiteko.

Zer esango zenieke herritarrei gaurko antzerkira joatera animatzeko?
Jendea joatera animatuko nuke, dudarik gabe. Euskaraz egindako antzerkian erreferentea dela esango nuke obra hau. Txukun osatua dago hizkuntza aldetik. Gogoetarako eta ondo pasatzeko aukera ematen du. Iraupen aldetik, ordu eta laurden irauten du, eta uste dut neurri polita dela. Eztabaidarako eta zertaz hitz egina edukitzeko, antzerkia ikusi egin behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!