II. Sagardo Egunean, Chillida Leku bisitariez bete zen. Tolarea kofradiako kideek sagarrondo bat landatu zuten, ´lehen, tokiak sagardoarekin zuen lotura berreskuratzeko`.
Jende asko bildu zen atzo eguerdian Chillida Lekun, II. Sagardo Egunean. Bertan, sagardoa eta Iratiko gazta dastatu ahal izan zuten, bertsolariek, txalapartariek eta trikitilariek girotuta. Egun aproposa izan zen, gainera, sagardoarekin zintzurra bustitzeko, bero izan baizen atzo eguerdian.
Aurkezpen ekitaldian Luis Chillida, Chillida Leku museotik; Iñaki Arratibel, Udala ordezkatzen; eta Rafa Zulaika, Hernaniko sagardogileen izenean, izan ziren. Iñaki Arratibelek gogora ekarri zituen goizean istripuan hildako bi hernaniarrak eta doluminak eman zizkien haien senitarteko eta lagunei. Zulaikak Chillida Lekuren eta Sagardo Gunearen antzekotasunak aipatu zituzten, ´ez dira soilik ikusteko izango` esan zuen, eta Chillidak sagarrondoen landaketa aipatu zuen, ´50 landatu ditugu, lekuak sagardoarekin izan zuen lotura berreskuratzeko`. Tolarea kofradiakoek sagarrondo bat landatu zuten Zabalaga baserriko iparraldean.
Ekitaldiaren ondoren, joandakoek sagardoa edan zuten baserri kanpoan jarritako kupeletik eta batzuk ibilbide txiki bat ere egin zuten bertsolari eta trikitilariei jarraika, baserri inguruan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!