THE HOST
Ostiral honetan estreinatutako film hau 2006 urtean egindako film hoberenen artean dago. Munstroen film klasikoak abiapuntutzat hartuta (King Kong, Gozilla) Bong Joon-Ho zuzendari hego-korearrak sailkatzeko erraza ez den filma zuzendu du, terrorea, drama, humorea eta salaketa politikoa nahastu egin baititu klasikoen maisutasuna adieraziz. Munstroaren diseinua aspaldian zineman ikusi izan ez duguna da, izugarria baita. Arduradunak Weta Workshop (King Kong, Eraztunen jauna), The Orphanage Taldeak (Sin City, Superman Returns), Kevin Rafferty (Star Wars), John Cox eta Hee Chul-Jang izan dira. The Hosten lehenengo ordu erdia ikusgarria da benetan, eta asmatzeko Bong Joon-Hok Sanferminetako Entzierroak eredutzat erabili omen zituen. Klasikoa izateko bidean dagoen filma. Galduezina.
CARTAS DESDE IWO JIMA (Printzipe Antzokia) I
wo Jimako Batailarekin zer ikusia duten bi film zuzendu zituen iaz Clint Eastwood maisuak. Hemen aipatu genuen bezala Gure gurasoen banderak filmean Iwo Jimako bataila aitzakiatzat hartu zuen heroitasunaren kontzeptu hutsa aztertzeko. Oraingoan ordea, Eastwoodek Iwo Jimako irlan izandako jeneral japoniar baten ikuspegia erabiliz, galtzaileen egoera eta sentimenduak aztertzeko saiakera egin du, ezin hobeto. Film klasikoa izango balitz bezala, ia txuri beltzez, Eastwoodek Ford, Peckinpah edota Kurosawa maisuen zinema gogorarazten digu harri bitxi honekin. Urte honetako film onenetariko bat. Izugarria.
INLAND EMPIRE (Trueba)
Denbora motxean izango dugu gure artean David Lynch zinegile nabariaren azken obra. Aste bat pasa ondoren, 4.45ko emanaldian bakarrik ikusi ahal izango dugu aste honetan. Ohizkoa da tratu hau jasotzea norbait normaltasunaren bidetik atera eta bide berriak ikertzea bada bere xedea. Eta Lynch ikerketaren bidetik abiatu zen The straight story ezin hobea zuzendu zuenetik aurrera. The blue velvet eta Carretera perdida filmetan urratutako bidea Mulholland Drive liluragarriaren bidez sakondu zuen. Oraingoan, hiru orduko film misteriotsu honekin bukaera ematen dio orain arte erabilitako zinema egiteko erari eta hasiera ematen dio zinemaren kontzeptu berri bati. Askatasun osoarekin zuzendua eta kamara digitala erabiliz, Lynchek irudiak duen gaitasun hiltzailearen gaia aztertzen du bere filmean; baina batez ere Lynchek egiten duena da amets munduari ateak parez-parez zabalik utzi. Lehen aipatu dudan moduan, klasiko batean bihurtzeko bidean dagoen filma. Miresgarria.
EL LIBRO NEGRO (Antiguo-Berri)
Aspaldian ez genuen Paul Verhoevenen izena ikusi film baten izenburuan. El hombre sin sombra film komertziala zuzendu ondoren, Verhoeven Holandara bueltatu da eta proiektu zahar bat errekuperatu du film nabari hau egiteko. Bigarren Gerrate Mundialean kokatua eta Holandako Erresistentziaren benetako gertaerak erabiliz, Verhoevenek manikeismoaren aurka jotzen du eta erresistentziaren alde ilunak agerian uzten ditu filmaren bidez. Era berean, Nazien artean ere bihotzeko pertsonak bazeudela adierazten digu filmean. Erritmo biziko film honek superprodukzio europar baten itxura dauka. Kontuan hartu beharrekoa.
LA VIDA DE LOS OTROS (Antiguo-Berri, Printzipe)
Un verano en Berlin, El hundimiento, Las partículas elmentales... Eta orain La vida de los otros... Badirudi zinema alemaniarra berpizten hasia dela. Batez ere El hundimiento eta bereziki Henckelen filmak kontuan hartzen baditugu. Stasiko agente baten bizitza, edo, hobeto esanda, ez-bizitzaren azterketa honen bidez, Henckelek 80. hamarkadan Mendebaldeko Alemaniako bizimodu tamalgarriaren xehetasunak sakon eta serio aztertzen ditu. Idazle eta aktore batez osatutako bikote baten jarraipena egitea agintzen diotenean, espia honek ez du sumatuko ze nolako aldaketak onartu beharko dituen bere bizimodu grisean. Ezin hobeto girotua, film tristea baino eder honetan ez dago txuria eta beltza, bizitza hori baino konplexuagoa baita. Galduezina.
JUEGOS SECRETOS (Printzipe)
Izugarria, baita ere, Todd Field zuzendariaren bigarren film hau. En la habitación nabaria zuzendu ondoren, Fieldek Tom Perrotta idazlearen liburua erabili du bere bigarren filmaren gidoia idazteko. Eta ezin da baieztatu gidoi makala denik: Estatu Batuetako auzo erresidentzial batera kartzelan egondako pedofilo bat bueltatzen da. Horrek sorraraziko ditu auzoko biztanleen oinarrizko sentimendu eta portaerak. Sexua eta sentimenduekiko egungo jarrera atzerakoiaren azterketa gogorra, ohizko bikotearen eskemak ezkutatzen dituenaren analisi sendoa... Juegos secretos film ederra izateaz gain, urteko film hoberenetarikoen artean kokatzea ezinbestekoa da.