‘Sagarrondotik’: 5 urte mundu guztiko doinuak Hernanira ekartzen

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 4a, 01:00

Sagarrondotik jaialdiak 5 urte beteko ditu aurten, martxoaren 16an eta 17an. Julieta Venegas, Delorean, Atom Rhumba, Raimundo Amador eta abarrekin ospatuko dute. Guztira 10 talde edo bakarlari izango dira eta ziur musikazale asko inguratuko dela Hernanira.

Martxoaren 16an eta 17an Sagarrondotik musika jaialdia izango da Hernanin, 5garren urtez. Kontzertuak 2003an abiatu ziren Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak, Txantxillako aparkalekuan; gero Sagastialde auzora eraman zuten, 2004an, eta azken bi edizioak Landare ondoan jarritako karpan egin dituzte. Urte guzti horietan, mundu mailako musikariak Euskal Herriko egileekin nahastu dituzte, kartel erakargarriak eskaintze aldera: Loquillo, The Wailers, Desmond Dekker, Fermin Muguruza & Kontrabanda, Fito & Fitipaldis, Ojos de Brujo, Berri Txarrak eta Su ta Gar izan dira Sagarrondotik-en parte hartu duten batzuk.

Martxoaren 16a, dantza eta rock gogorra

Martxoaren 16an dantza egiteko aukera izango da, baina baita rock gogorraren doinuekin burua mugitzekoa ere. Dantzagarrien atalean Delorean izango da. Talde zarauztarrak 4garren lana atera zuen 2006an, Into the plateau, eta funk eta pop estiloak nahasten dituzte, The Cure talde ingelesaren antzera. Skalariak nafarrak aski ezagunak dira inguru hauetan eta jada hamarkada bat beteko dute, zaleei ska dantzarazten. Ska-republik tour birari hasiera emango diote Hernanin. The James Taylor Quartet britaniarrak dira eta ezustekoa emango dute, antolatzaileen ustetan. 80garren hamarkadan sortutako talde honek, 20 diskotik gora kaleratu ditu. Hammond organoa oinarri dute eta U2-k eta Tom Jonesek beren musikan influenzia izan dutela esan dute. Rock gogorraren barruan bi talde izango dira ostiralean. Batetik, Bartzelonatik datozen The Bon Scott Band: AC/DC talde haundiaren bertsioak egiten dituzten bartzelonarrak dira. Bon Scott AC/DC taldeko lehen abeslaria izan zen eta 1980an hil zen. La inconsciencia de Uoho Platero y Tu eta Extremoduron ibilitako Iñaki Anton Uohoren talde berria da eta ´rock kaletarra` egiten dute. Lehen diskoa kaleratu dute jada.

Martxoaren 17a, tekila hartzeko egun aproposa

Martxoaren 17an, 5 talde edo bakarlari izango dira eta Julieta Venegas mexikarra izango da izar nagusia. Bi talde bilbotar izango dira ikusgai larunbateko kontzertuan: Zea Mays eta Atom Rhumba. Zea Mays taldea ´azken hamarkadan Euskal Herriak eman duen talderik interesgarriena´ da, antolatzaileen esanetan. Taldeak 5 lan ditu kalean eta azkena, Sortuz, grabitatearen aurka, aurkeztera datoz Hernanira. Atom Rhumba, hainbat disko atera baditu ere, Oihuka disketxeak kaleratutako Amateur Universes lanarekin egin da ezagun Euskal Herrian. Obrint Pas valentziarrek ska eta rock musika nahasten dituzte, musika tresna autoktonoekin. Betagarrirekin konparatu ohi dituzte. Maneta De Kamioneta+ Raimundo Amador. Flamenkoa oinarri hartuta, estilo ezberdinak lantzen ditu Amador laguntzen duen hirukoteak. Julieta Venegas abeslari internazionalak Limon y sal diskoa aurkeztuko du. Venegas Tijuana No punk taldeko kidea zen lehen eta duela 5 urte ekin zion bakarkako ibilbideari. ´Lehenengo entzu-naldian maitemintzen duten abestiak` egiten ditu mexikarrak.

Sarrerak salgai

Sagarrondotik kontzerturako sarrerak salgai daude otsailaren 21etik, Hernanin eta Euskal Herriko beste zenbait herritan.

Ostirala, martxoak 16. 22:00etatik aurrera: Delorean, Skalariak, The James Taylor Quartet, The Bon Scott Band eta La Inconsciencia de Uoho. Aurrez 21 euro, Takilan 24 euro.

Larunbata, martxoak 17. 21:00etatik aurrera: Obrint Pas, Atom Rhumba, Maneta de Kamioneta+ Raimundo Amador, Zea Mays eta Julieta Venegas. Aurrez 21 euro, Takilan 24 euro.

*Bi egunetarako bonoak 36 euro balio ditu.

Salmenta puntuak

Buruntzaldean -Hernanin: Aker, Txili, Bodega, Deportibo, Garin, Goiz Argi, Ekos, Apeadero, Zintzarri, Kixkal, Atxur eta Zumitza. -Astigarragan: Kizki. -Urnietan: Xauxar. -Usurbilen: Ardi Beltz.

IV. Herri-kirol lehia

Sagarrondotik jaialdiaren barruan, Herriarteko Herri kirol lehiaketa jokatzen da eta aurten laugarren edizioa izango da. Urtetik urtera jende gehiago biltzen duen proba hau martxoaren 18an, 11:00etan, Urnietako Udal frontoian izango da eta Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Usurbilgo ordezkariak ariko dira sokatiran, ingudean, harria jasotzen, lokotx biltzen, kontrabandista jokoan, sagarrak jasotzen eta txingetan. Azken bi urteetan urnietarrak atera dira garaile herri kirol proban.

Mari Jose Sardonen errekor saiakera

Aurten, Mari Jose Sardon ur-nietarra Euskadiko 6 ordue-tan jarritako errekorra gainditzen saiatuko da. Donostian 100 kiloko harria 10 aldiz altxatu zuen 5 minutuan. Urnietan, berriz, 113 kiloko harri zilindrikoarekin saiatuko da errekorra egiten, bost minutuko txandan. Eguerdiko 12:00ak aldera izango da hori. Sardonek Sagarrondotikeko herri kiroletako jaialdian parte hartu izan du azken urteetan, Urnietako taldearekin.

Festa giroa goiz osoan zehar

Herri kirolez gain, Urnietan festa giroa izango da goiz osoan zehar. Goizeko 10:00etatik aurrera, herriko plazan sagardoa dastatu ahal izango da eta horrekin bat burduntzian erretako bildotsa jateko aukera izango da. Buruntzaldeko artisauen azoka ere izango da plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!