Alvarez-Oiaga eta Esnal-Ojuel elkarren aurka gaur Gipuzkoako trinkete txapelketako final-aurrekoan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 3a, 01:00

Hernaniko bi bikote nor baino nor izango dira gaur Irurako trinketean, Gipuzkoako txapelketako finalean sartzeko esperantzarekin. Al-de batetik Unai Alvarez eta Josu Oiaga ariko dira, eta bestetik, Iñaki Esnal eta Paul Ojuel. Finalerdia partidu bakarrera jokatuko da, Iruran, 13:30etan (5garren partidua). Unai Alvarez munduko azpitxapelduna eta Gipuzkoako txapelduna da gaur egun trinketean eta horregatik agian, Iñaki Esnalek beste bikotea jo du faborito: ´Unai oso ondo dabil eta biek ere esperientzia haundia dute; normalena beraiek irabaztea da`. Hala ere, Esnalek onartzen du pixkanaka ohitzen ari dela modalitatera, ´batez ere sarera`, eta gero eta hobeto ikusten duela bere burua. Bere ardura nagusia eskuak dira: ´azkenaldian bi partidu jokatzen ari naiz astebururo eta minduta dauzkat` dio aurrelari hernaniarrak. Josu Oiagak, berriz, partidu parekatua ikusten du, eta, kargarik jarri nahi ez dion arren, Unai Alvarezen izena aipatzen du: ´Unai izan daiteke partidua desnibelatuko duena. Duen egunaren arabera, partidua modu batera edo bestera joan daiteke` adierazi du Oiagak. Aipatzekoa da Josuren kasua, aurrelaria izan baita beti, baina trinketean atzelari lanetan ari da, eta gainera, Gipuzkoako selekzioa ordezkatuko du martxotik aurrera.

Oiagak eta Esnalek, afizionatuetara buelta

Azken urteetan, Botivolea enpresarekin ibili eta gero, Josu Oiagak eta Iñaki Esnalek afizionatuetara pasatzea erabaki dute, Aldazabal loiolarrarekin batera, ´partiduak jokatu nahi ditugulako`. Esnalek 8 urte pasa ditu profesional mailan eta Oiagak 6. Urte hasieratik berriz CD Hernanin dabiltza, txapelketetan parte hartzen. Oiaga, trinketeko binakakoaz gain, Udaberri txapelketan ari da, Aldazabalekin batera; Esnalek, berriz, trinketeko banakakoa jokatu du (finalerdian Alvarezek kanporatu zuen) eta Euskal Herriko banakako txapelketa jokatzen ari da frontoian eta finalerdietan da. Biak diote ´ilusioarekin` itzuli direla afizionatuetara, profesionaletan ´partidu gutxi` jokatzen zituztelako, ´eta gehienak abuztuan eta irailean`. Orain, berriz, ´gustora` daude, ia astebururo pare bat partidu jokatzen ari direlako. Ados daude esatean ez dietela pelotari gazteei ´lekua kendu nahi`, baina beren aurka jokatuz gero, ´ez diegu ezer oparituko` abisatu dute.

Oiaga eta Alvarez, GRAVNera

Josu Oiaga eta Unai Alvarez aukeratuak izan dira trinketeko GRAVN txapelketan Gipuzkoa ordezkatzeko. Beraiekin batera, Huizi usurbildarrak eta Landa lasartearrak jokatuko dute Gipuzkoarekin. Martxotik aurrera, asteburuetan binakako partidu bat eta banakako beste bat jokatuko dute, eta pelotari bat ordezko izango da.

Bihar Esnalek Euskal Herriko txapelketako final erdia

Urnietan Iñaki Esnalek Euskal Herriko txapelketako bueltako final erdia jokatuko du, eskuz banaka. Bihar jokatuko du, Aurrera Saiazen aurka, 10:30etan hasiko den jaialdiko 3garren partiduan. Joanekoan Esnalek 22-3 irabazi zion Txoperenari Tolosan. Hortaz, 4 tantu eginda, hernaniarra finalean sartuko da.

Mendizabal IIren itzulera gaixo egon eta gero

Oier Mendizabal pelotari hernaniarra gaur itzuliko da frontoietara Iruñeako Labrit frontoian, gaixotasunagatik geldirik egon eta gero. Jaialdiko lehen partidua izango da, binaka: Arbizu-Eskudero/Mendizabal-Mendizabal II. Partidu horren ondoren, eskuz banakako txapelketa nagusiko final aurrekoa jokatuko dute Gonzalez-Pascual eta Bengoetxea IV-Ruizek. Aukera ederra, beraz, Iruñeara joateko. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!