Onenen artean leku bat egin nahian

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 3a, 01:00

Bihar liderraren kontra jokatuko du Hernanik Alcobendasen.

Liga bukatzeko bost jardunaldiren faltan, bigarren dijoaz hernaniarrak, hurrengo sailkatua 11 puntura dutela. Bihar, Alcobendas talde gogorra izango dute aurkari, Madrilen, eta handik garaipena ekartzea oso zail izango duten arren, helburu hori eramango dute Landarekoek. Orain artean jokatutako 9 partiduetatik bakarra galdu du Hernanik, Alcobendasen aurka lehen itzulian jokatutakoa, baina orduan ere oso estu hartu zuten liderra. Biharko partidura jubenilik gabe joango dira hernaniarrak, selekzioak deituak baititu sei, eta aurten egiten ari diren lan ona ikusita, hutsunea nabarituko dute. Bestalde, Javi Boli Secok ere ezingo du jokatu, txartel gorria ikusi baitzuen azken jardunaldian; Xabier Pernasek ere ezingo du jokatu lana medio, eta Arkaitz Otaño lesionatu egin zen azken partiduan. Partidu xamurra ez du izango beraz, ligako zelairik zailenean; Joxe Elosegik halaxe azaltzen du web orrian (www.hernanirugby.com) ´Alcobendasi aurre egiteko imajinazio haundia beharko diagu`. Baina, orain arte ere beti izan dute baja bat edo beste eta partiduak aurrera ateratzen ari dira. Hala ere, irabazi edo berdindu ezean, puntu bat ateratzea ere ez du txartzat ematen Elosegik, bonusarena, baina horretarako 4 entsaio egin edo 7 puntu baino gutxigogatik galdu behar da eta defentsa asko estutu beharko dute.

Lehen mailari begira

Oraindik partidu zail asko jokatu behar du Hernanik, baina esku-eskura du liga bigarren postuan bukatzea. Lortuz gero, Ohorezko mailarako igoera fasea jokatu beharko luke beste taldeko liderraren aurka, Valentziako Monte Ciencias taldea, oraingoz. Erronka zaila da, baina aukerak ikusten dira, 1978-87 garaiko ´urrezko arora` berriz ere iristeko.

Sailkapena

1. Alcobendas 44 p

2. Hernani 33 p 3

. Universidad Vigo 22 p

4. Cornellá 21 p

5. Durango 20 p

6. Gernika 15 p

7. Oviedo 10 p

8. Tec. Valencia 5 p

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!