Erremontearen kabia da Galarreta eta koadroko jokalari onenak ikusteko aukera paregabea izaten da astero. Astearte, ostegun, larunbat eta igandeetan izaten dira partiduak Hernaniko pelotalekuan, 16:00etatik aurrera. Aurten 40 pelotariko plantila aurkeztu du Remonte 2000 enpresak, 23 gipuzkoar eta 17 nafarrekin. Erdiak aurrelariak dira eta beste erdiak atzelariak. Pelotarien bataz besteko adina 29 urte pasakoa da; atzelari gazteena Julen San Miguel da eta aurrelari gazteena Etxeberria IV, 19na urterekin. Atzelari zaharrena Peio Aizpuru da 43 urterekin eta aurrelari zaharrena Altuna I, 38 urterekin. Izarrik haundiena Koteto Ezkurra izango da, lesioak medio 2006an pattal xamar ibili arren, sasoi puntu ona lortu baitu berriz ere. Horrez gain, Zeberio, Urrutia eta Lizaso ere goi mailan daude.
Hernanitik Jokin Etxabe
Profesional mailan Hernaniko partaidetza Jokin Etxaberen esku geratuko da aurten ere. Urte askoan Hernanin bizi den azkoitiarrak 34 urte ditu eta orain 2-3 urteko sasoi puntura iristea izango du helburua, eta txapelketa nagusietan parte hartzea berriz ere. Bi bitara bi aldiz lortu du lehen mailako txapela Etxabek (1996 eta 1997an) eta azpi-txapeldun 3 alditan gelditua da (1999, 2002 eta 2004an).