«Munduko txapelketarako minima lortu nahi dut aurten»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 3a, 01:00

Maitanek 15 urterekin hautsi du Hernaniko errekorra, 60 metroan. Pista estaliko rankingean Euskadiko 1go gelditu da eta Espainiko 5garren. Aire libreko denboraldia prestatzen ari da.

maitane Iruretagoiena hernaniarra aurten Estatu mailako 5 azkarrenen artean dago, jubeniletan, eta Euskadiko lehendabiziko postuan. 15 urte ditu Iruretagoienak eta 5 daramazki atletismoan. 60, 100 eta 200 metroan konpetitzen du, eta sariak eskuratzen ari da etengabe. Hernaniko 60 metroko errekorra hautsi berri du 15 urterekin. Nahiz eta Hernaniko taldearen izenean konpetitu, Donostian entrenatzen du Atletiko San Sebastianekin eta pista estaliko denboraldia bukatu berritan, orain, aire libreko denboraldia prestatzen ari da. Aurtengo helburua jubenilen munduko txapelketara joatea da, baina horretarako 100 metrotako minima lortu behar du (berak 12:52ko denbora du eta 12:25ekoa behar du).

Lorpenez lorpen

Iruretagoienak sari asko irabazi ditu, orain dela bost urte korrika hasi zenetik. Infantiletan urrezko bi domina irabazi zituen Gipuzkoako txapelketan (220 m hesietan eta 80 metroan). Kadeteetan urrezko 3 domina lortu zituen, Euskadikoan (60 metroan), Selekzioen arteko absolutuetan (60 metroan), eta Espainiakoan (60 metroan). Jubeniletan 3 urre lortu ditu, Gipuzkoako absolutuetan bi (60 eta 20 metroan) eta Euskadikoan bat (60 metroan). Bestalde, lorpen horiez gain, zilarrezko domina asko eta postu onak lortu ditu Maitanek.

Hernaniko errekorra

Otsailaren 10-11ko asteburuan Espainiako txapelketa jokatu dute Zaragozan eta Maitanek bere markarik onena lortu du 60 metroan. Marka hori semifinalean lortu zuen, baina gero finalean ez zuen hain zorte ona izan. Hala ere, bere errekorra lortzeaz gain, Hernaniko errekor berria ere jarri du 60 metroan, 7:84ko denborarekin (lehengo errekorra 7:86koa zen, eta orain dela 20 urte jarri zuen Arantxa Bakerok, 20 urte zituela).

Entrenamenduetan gustora

Astean 3 edo 4 egunez entrenatzen du Maitanek Anoetan (Belodromoan edo mini-estadioan). Bi orduko entrenamenduak izaten dituzte eta era guztietako ariketak egiten dituzte. Orain pretenporadan, serie luzeak egiten ari dira erresistentzia hartzeko (400, 500, 600 metro); ganerakoan indarra lantzen dute, gimnasioan, eta teknika ere asko entrenatzen dute (nola bota zankada, nola egin karreretako irteerak, gorputza nola eraman). Belozista izanik, Iruretagoienak luzera jauzia ere entrenatu behar izaten du, baina hori ez omen zaio hainbeste gustatzen.

Hobetzeko marjen haundia

Iruretagoienak 15 urte ditu eta oraindik marjen haundia dauka hobetzeko, 23 urte inguruan izaten omen delako abiaduraren muga. Iaz lesionatu egin zen eta ez zuen eman zezakeen guztia ematerik izan; orain, erabat errekuperatuta, iaz egin ez zuen bidea egiteko prest da hernaniarra. Aurtengo helburua, jubeniletako Munduko Txapelketan izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!