IÑAKI Arratibel proposatu du Eusko Alkartasunako tokiko Batzarrak datozen udal hauteskundeetako alkatetzarako. Iñaki Arratibel Kultura eta Euskera sailetako zinegotzi izan zen 8 urtean, 1991tik 1999ra. 2003tik honako legealdian, Hirigintza eta Ingurumen sailetako buru da.
Iñaki Arratibelek eskerrak eman dizkie EAko afiliatuei beregan ´jarritako konfidantzagatik`. Hemendik aurrerako lanaz adierazi du: ´Hernanin gauza asko egin dira azken urteetan, baina beharrezkoa da auzoak berritzen jarraitzea eta hori, bizilagunen beharretan pentsatuz, eta Udaletxean politika egiteko prest daudenen adostasuna eta borondateak uztartuta soilik lortu daiteke, udalaz kanpoko planteamenduak alde batera utzita`.
Hirigintza
planteamendu berria
Eusko Alkartasunak adierazi duenez, ´Iñaki Arratibelek azken urteetan Hernaniren etorkizuneko garapena markatzen duten Arau Subsidiarioak berriro aztertzea bultzatu du eta udal planteamendu berria gauzatzeko prozesuan, udal ordezkaritza duten talde politiko guztien aho bateko adostasuna lortu du`. Horrez gain EAk dio, ´Hernanin aurrekaririk izan ez duen prozesu parte-hartzaile eta ireki bat kudeatu` duela, ´herriko elkarte eta bizilagunen ekarpenak Arauen behin betiko testura gehituz`.
Arratibelek zuzendutako hirigintza zerbitzuak ´garapen jasangarria, eta eraikiko diren etxeak nolabaiteko babesa izatea` planteatzen duela dio EAk. Ingurumen arloari dagokionez, ´airearen kalitatea eta soinu mailari buruzko ikerketa martxan jarri eta Agenda 21 sustatu` dituela dio. ´Horrela Hernani garapen jasangarria sustatzeko ekintza-plana duen euskal udalerri bakarrenetakoa` dela gehitu du.
EAk azpimarratu du, baita ere, Arratibelek egindako lanaren emaitza dela AMR Floridatik ateratzeko eta bertan babes ofizialeko eta tasatutako etxeak egiteko hitzarmena: ´enpresa herrian mantendu eta egoitza moderno bat eduki dezan posible egingo du, ingurumenaren babeserako aurrerapauso guztiekin`.