gobernu Batzarra izango da gaur udaletxean eta bertan, besteak beste, hitz egingo da Goiz Eguzkiko bolatokiko obrak bertan behera uzteaz. Andoni Amonarraiz, Zerbitzu Publikoetako zinegotziak azaldutakoaren arabera, obraren %15a egitea da falta dena eta lan horiek egiteko berriro ere lehiaketa deituko dute, beste enpresa bat kontratatzeko. Egitea falta dena da, aldapetako eta plazako lurra jartzea, bolatokia bukatzea, barandilak jartzea, eta goikaldeko bideak txukuntzea. Deituko den lehiaketan, posible da obraren bigarren faseko obrak ere kontratatzea. Lan horiek lirateke: komunak jartzea, biltegia egitea, bolatokia estaltzea eta argiztapena jartzea.
Kultur jarduera eta auzoko jaietarako diru laguntzak
Gobernu Batzarrean hitz egingo den beste puntu bat da, auzoetako jaiak eta kultur programa edo jarduerak antolatzeko diru laguntzak jasotzeko oinarri bereziena.
Zinkoenea Kaxkoarekin lotzen duen zatiko obrak adjudikatu dira
ZINKOENEA Kaxkoarekin lotzen duen zatia (Kioskoa eta autobus geltokia dagoen eremua) txukuntzeko obrak adjudikatu ditu Udalak. Lanak Construcciones Dumboak egingo ditu eta kontainerrak lurperatu egingo dira, baita autobus geltokia egokitu ere. ´Zinkoenea eta hirugunearen arteko zati hau duin bihurtu nahi dugu. Multzo osoak tratamendu duin bat izan eta berreskuratu nahi izan den espazio batekin bat etorri dadin` azaldu du Iñaki Arratibel zinegotziak. Orbegozo aldetik datozenentzat herriko ´presentazio txartela` dela azaldu du zinegotziak. Obrak 6 hilabetetan egin beharko dira, 350.000 euro pasako aurrekontuarekin.