Zein ideiaren bueltan osatu duzu kartela? Ze teknika erabili duzu?
Idea sinple baten bueltan osatu dut kartela. Bi pisukide lagun arteko posturan jarri nituen, bata besteari eskua lepotik pasata. Postura horretan argazki bat atera nien eta handik marrazki bat osatu. Marrazkian ez da nabaritzen, neska ala mutilak diren, berdin izan daiteke bata edo bestea. Gainera, biek estanpatu bera dute arropan. Marrazkiaren trazoaren aldetik, dardartia da, ez oso zuzena. Marrazkia formato haundira pasa behar nuen eta serigrafiaren bidez egin nuen, ploterra oso garestia delako. Erabili dudan kolorea arroxa eta horia izan dira. Kontsumo azkarrerako irudi bat osatu dut, begitik erraz sartzen dena. Artistikoki agian ez du balio askorik baina bere funtzioa betetzen du.
Horrelako lehiaketetan parte hartzen duzu, normalean?
Horrelako lehiaketek denbora asko kentzen dute, baina gustatzen zaizkit. Esango nuke erronkak gustatzen zaizkidala, nere buruari esaten diot ´ez duzula hau egiten?` eta animatu egiten naiz. Hala ere, publizitatea ez zait orokorrean gehiegi gustatzen. Uste dut, mezua transmititzen, zer esan nahi den adierazten, energia asko galtzen dela. Gainera, ulergarritasun horretan uste dut askotan estereotipoak behin eta berriro erabiltzen direla, eta ez dela asko berritzen.
Ze proiektutan zabiltza orain?
Arte Ederretako azkeneko mailan nabil. Irudi munduak erakartzen nau: arte grafikoak, argazkiak, collagea, pintura, marrazkiak, ..... Barakaldoko antzerki eskolarekin elkarlanean nabil. Leioako kultur etxean erakusketa kolektiboa ere jarri behar dut. Aurrera begira erakusketa gehiago ere jartzeko asmoa dut, lanak egitera animatzen bainaute. Unibertsitatean burbuila batean bizi gara eta hori gainditzen hasi beharra dago.