«Zaborra tratatzeko sistema merke eta osasuntsuagoak badaude»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 2a, 01:00

Urumea Bailara Bizirik plataformako kideek hitzaldia eman zuten asteazkenean. Biharko manifestaziora joateko deia egin zuten.

URUMEA Bailara Bizirik plataformak antolatuta hitzaldia izan zen asteazkenean Biterin. Izaskun Miner mediku-pediatrak eta Nerea Olaberria, mendi ingeniariak, eman zuten hitzaldia, eta bi gairi buruz hitz egin zuten: 1) Erraustegia zer den eta zein kalte eragin ditzakeen ingurumenean eta osasunean. 2) Zaborra tratatzeko sistema alternatiboak zein diren.

´Minbizia sortzeko aukera`

Izaskun Minerrek lehendabizi erraustegi bat zer zen azaldu zuen. Azaldu zuen, San Markosek erraustegiaren definizioa egiteko erabiltzen omen dituen arrazoien aurrean: batetik, erraustegia ez dela birziklatzeaz gain erabiliko duten sistema bat, baizik eta birziklatu daitezkeen zaborrak erraustegiak erre egingo dituela (konbustiorako beharrezkoak dituelako, papera, kartoia...). Bestetik, erraustegia jarriagatik zabortegiak ez direla desagertuko. Zabortegiak hondakin oso arriskutsuak sortzen omen ditu, eta hondakin horiek hondakin arriskutsuentzako zabortegi bat beharrezkoa omen dute. Azkenik, erraustegiak ez omen du energiarik ia batere sortzen. Urte betean sortuko lukeen elektrizitatea Donostiak 8 egunetan kontsumitzen duena omen da. Ondoren, mediku bezala, Minerrek errausketak osasunean dituen ondorioak aipatu zituen. Hasteko esan zuen erraustegiak sortzen dituen gaiek minbizia eta biriketako arazoak sortzeko aukerak asko haunditzen dituztela. Erraustegiak sortzen dituen gai asko identifikatu gabe omen daude oraindik, baina identifikatuak daudenak asko omen dira, osasun arazoekin zuzenean harremana daukatenak: dioxinak eta furanoak, metal astunak, mikro partikulak (biriketako arazoak)...

Zaborra ondo sailkatu

Nerea Olaberriak zaborra tratatzeko alternatiben inguruan hitz egin zuen. Esan zuen sortzen dugun zabor gehiena birziklatu egin daitekeela eta klabea zaborra gehiago sailkatzean dagoela. ´Sailkatzen bada, ia zaborrik ez da sortzen, eta zaborrik sortzen ez bada erraustegirik ez da behar`. Azpimarratu zuen beste puntua izan zen zabor organikoa konpostatzearena. Zaborraren %40-45 organikoa omen dela aipatu zuen eta hori konpostatuta zaborra izugarri gutxituko genukeela. Olaberriak sistema hori etxe guztietara zabaltzeko sistema proposatu zuen, atez ateko bilketa eginda.

Manifestazioa bihar

Horrez gain, bihar errausketa sistemaren kontra izango den manifestaziora joateko deia ere egin zuten. Manifestazioaren lema izango da, Errausketarik ez Zubietan eta ez inon. Galdetu herriari errausketa nahi duen ala ez. Arratsaldeko 17:00etan aterako da, Anoetatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!