Bihar jarriko dira salgai datorren asteko Antzerki Ziklorako sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 28a, 01:00

ANTZERKI zikloa izango da datorren astean Biteri kultur etxean. Martxoaren 5etik 7ra hiru antzezlan ikusi ahal izango dira eta sarrerak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira, Biterin bertan.

Gusto ezberdinetarako gaiak eta aktore ezagunak
Martxoaren 5ean Walt Disney me jodió la vida antzezlanean emakumearen eginkizunaren eta egungo gizartearen kritika egingo dute: Gurutze Beitiak, Gemma Martínezek, Sol Maguna, Vito Rogadok, eta Maribel Salasek. Hurrengo egunean Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Ramon Agirre ikusiko ditugu adiskide arteko eztabaidan Artea antzezlanean. Zikloa bukatzeko, Meando fuera del Tiesto antzezlanean, Josean de Miguelek, Eloi Beatok eta Gorka Aginagaldek gai ezberdinen inguruko esketxak egingo dituzte, umorea oinarri hartuta.

 

MARTXOAK 5:
Walt Disney me jodió la vida’
 (La Lulú comedí)

Gure ume garaiko pertsonajeak, amets egiteko eta imajinatzeko balio izan zigutenak, desagertuz eta zaharkituz doaz. Pertsonaje horiek XX. mendeko emakumeen antzeko bilakaera izan dute. Antzerkia satira politikoa da, zoritxarrekoa izan den XX. mendean barrena eta mende horretan emakumeek bete duten eginkizunetan barrena.

MARTXOAK 6:
‘Artea’
(Txalo produkzioak) 

Antzerkia hiru lagunen arteko eztabaida da. Sergiok arte modernoko koadro bat erosi du, oso garestia dena. Marcosek gorroto du koadroa eta Ibanek bitartekari lanak egiten ditu. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna, adiskidetasunari buruzko eztabaida latza bihurtzen da.


MARTXOAK 7:
‘Meando fuera del tiesto’
(Kunka producciones) 

Hiru komikok 30 esketxetan landutako antzezlana da. Honako gaien bueltan osatu dituzte esketxak, besteak beste: gizarte segurantzaren mundu iluna, bikote bizitzaren bide bihurria, futbolaren miseriak, seme-alabekin harreman interesatuak eta lan munduaren behin behinekotasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!