Etxeberri auzoak bide berri bat izango du aurrerantzean. Bideak Etxeberri La Cumbre-Bestizanekin lotuko du. Lehen zatiak, Etxeberri auzoa (10garren blokea) eta 60 etxebizitza berriak dauden auzogunea lotzen ditu eta jada irekia dago. Bigarren zatiak, auzogune berria La Cumbre-Bestizanekin lotuko du, eraikiko duten bial berri batetik barrena. Iñaki Arratibel zinegotziaren esanetan, berrikuntza hauek auzoko trafikoa arinduko dute.
Udalak, promotorak eta Oriamendi kooperatibak lortutako akordioa
Hernaniko Udalaren, Arin promotoraren eta Oriamendi kooperatibaren artean lortu-tako akordioari esker izango da posible bide berria. Akordioaren bidez, bide-aren lehen zatia egiteko beharrezkoa zen lur zati bat emango dio kooperatibak Udalari, 25 bat m2-koa. Lur zati hau eztabaida gai izan da azken urtean, eta lehen ere, kooperatiba eta Udala akordiora iritsi baziren ere, ezin izan dute berrikuntzarik gauzatu orain arte. Akordioaren arabera, bial berriko obrak iraun bitartean, Etxeberriko 10garren bloke inguruan bi norabideko zirkulazioa baimenduko da, eta ibilgailuak linean aparkatu beharko dute, eta ez baterian, orain arte bezala. Iñaki Arratibelek adierazi du akordioa ez dela erraza izan, baina merezi duela: ´Etxeberri auzoak zeharbide eta zerbitzu hobeak izango ditu berrikuntzak egin eta gero.`
Eskailera frontoi atzean
Akordioak jasotzen du, baita ere, promotorak frontoi atzean eskailera bat eraikiko duela, aspalditik bizilagunek eskatutakoa. Benta-Berriko tunela (Etxeberri eta Zubiondo poligonoa lotzen dituena) ere aipatzen dute akordioan, eta diotenez, berritu egingo dute. Segurtasun neurriak izango ditu eta autoentzako irekia egongo da. Horrez gain, Udalak jakinarazi du Etxeberri auzoko lorategiak eta frontoia (Oria-mendi kooperatibarenak direnak) bere gain hartzeko estu-dio bat abiatuko duela.