«Barruan geratu direnak ez ditut ahaztuko»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 26a, 01:00

‘Beto’k ongi-etorri ´xume eta beroa` jaso zuen atzo Tilosetan.

Alberto Rey Betori ongi-etorria egin zioten atzo Tilosetan, ongi-etorri ´xumea eta beroa`. 2002ko urtarrilaren 23an atxilotu zuten Beto Frantzian eta orain bi aste pasa utzi zuten aske, otsailaren 7an. Omenaldian txalapartari eta kantariek hartu zuten parte eta bere lagunek aurreskua dantzatu zioten. Hernaniko presoen senitartekoak atzean zirela opariak eman zizkien herriko zenbait taldetako kideek Betori eta ondorenean berak hartu zuen hitza. Barruan daudenak gogoan Betok espetxean geratu direnak izan zituen gogoan eta jendeari dei egin zion beren alde egiteko. Esan zuen bi aste daramazkiela kartzelatik kanpo eta denbora horretan ikusi duela gauza asko aldatu direla ´baina beste asko ez, atzo Bilbon gertatua da horren adibide`.

EAJri deia
Ongi-etorriko hizlariak ere Bilboko gertaerak salatu zituen eta Espainiako Gobernuari ez ezik EAJri eskatu zion ´estrategia aldatzeko`. Horrez gain, presoek jasaten dituzten eskubide urraketak salatu zituzten eta jendeari dei egin zioten ´amnistia eta autodeterminazioaren alde, bat egin eta kalera ateratzeko`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!