Hernaniri asko korapilatu zitzaion lehenengo zatian ondo bideratutako partidua, baina garaipena lortzeko moduan izan zen, zorte apur batekin. Lehen zatia dominatu egin zuten Landarekoek eta 18-6ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, txartel gorria ikusi zuen Boli Secok, 20 minutu faltan, eta txartel horia ikusi zuten Iraitz Garmendiak, berehala. Bi jokalari gehiagorekin Vigokoek 18-19 hartu zuten aurrea, neurri batean hernaniarrak beren jokoan sartu zirelako. Baina partidua errematatzeko moduan izango zirela zirudienean, Iraitz Garmendiak berriz zelairatu, baloia lapurtu eta entsaio garrantzitsua egin zuen, irrika haundia eta zorte pixka batekin. Trasformazioa ere sartu egin zuen Hernanik, eta bukaera aurretik, zigor kolpea ere sartu zuen Oier Garmendiak urrutitik, eta partidua erabakita utzi, 28-19.
Igoera fasea, eskura
Urte asko dira Hernanik Ohorezko mailan jokatu zuenetik, baina aurten, orduko oroitzapenak etortzen ari dira Landarera. Oraindik 5 partidu falta dira liga bukatzeko, baina hernaniarrak geroz eta sendoago daude 2garren postuan eta eskura dute igoera fasea. Igotzea beti da zaila, baina ez dirudi ezinezkoa. Hurrengo asteburuan Alcobendas lider haundiaren aurka jokatuko du Hernanik Madrilen eta partidu zaila aurreikusten du Joxe Elosegik, besteak beste, baja dezente izango dituelako. Irabazteko helburua eraman arren, puntu bat ere txarra ez dela uste du entrenatzaileak, baina horretarako defentsan lan haundia egin beharko dute.