Goizeko 9:00etan autobusetan sartu eta Ugaldetxora joan zen berrehundik gorako haur eta guraso koadrila. Han, oinez Aparrain alderako bidea hartu eta zain zeuzkaten, 150 gereziondo, 150 pago, 150 lizar, 150 gaztainondo eta aitzurrak. Eguraldia ez zuten lagun izan, baina hala ere aldarte onean egin zuten lana eta gero ondo merezitako hamaiketakoa jaso zuten ordainetan, Aparraingo parkean.
XXXIVgarren Zuhaitz Eguna
Aurtengo Zuhaitz Eguna hogeita hamalaugarrena da eta Joxe Legarretaren omenezko XXIgarrena. Gaur, helduek aldatuko dituzte zuhaitz landareak Aparraingo parajean. Horretarako, goizeko 8:00etan oinez abiatuko dira, Atsegindegitik. Bidean Portu, Loidi, Argurutze, Saratsain, Bezkita eta Ugaldetxo pasako dituzte. Lanak bukatuta, berriz ere Ugaldetxora itzuliko dira bazkari legea egitera.