hernanitik kanpora hernaniar askok ikasi dute eta ikasten dute, eta joera hori betikoa da Hernanin. Hernaniko ikastetxeak eta Udala ahalegin berezia egiten ari dira joera hori aldatzeko, eta Herrian Bizi Herrian Ikasi kanpaina daukate martxan. Azken urteetako joerari begiratuz gero, aurreko urteetakoaren tankera beretsua ikusi liteke, hala ere. Jaiotze tasak gora egin du Hernanin azken urteetan, eta horrek Hernaniko matrikulazioa igotzea ekarri du; kanporako joerak ere ez du behera egin, hala ere. %20 dira kanpora joaten direnak, gehienak Donostira.
Matrikulazioa gora
2006-2007an, iaz baino 60 matrikula gehiago izan dira Hernanin, eta gorako joera aspalditik datorrena da. 2001ean 2.008 haur eta gazte zeuden matrikulatuta herriko ikastetxeetan, eta aurten 2.190 dira Hernanin ikasten dutenak, 2-16 urte bitarteko ikasleetan, alegia, HHn, LHn eta DBHn. DBHn ikusten da kanporako joerak gora egiten duela, normalean gero Batxilergoa egingo duten ikastetxeetara, Donostiara batez ere. 2006-2007an 605 dira kanpoan ikasten ari direnak. Iaz, adibidez, Donostiako ikastetxe batean 190 hernaniar ari ziren. Haur eskolan 60 ume gehiago Hernanin bi haur eskola daude: Udal Haur Eskola (123 haurrekin) eta Inmaculada ikastetxekoa (26 haurrekin). Udal Haur Eskola berria egin dute, haundiagoa, eta berriz ireki dutenetik aurtengoa du lehendabiziko ikasturtea. Horregatik, 2 urte bitarteko matrikulazioek gora egin dute nabarmen Hernanin. Aurten 60 haur gehiago ari dira aurreko urteetan baino. 85-90 haur ziren orain arte Hernaniko bi haur eskoletara joaten zirenak, eta ikasturte honetan 149 ume dira haur eskolan ari direnak.
Herrian matrikulatzearen abantailak
Hernaniko ikastetxeak eta Udalak Herrian Bizi Herrian Ikasi kanpaina daukate martxan, herrian matrikulatzea bultzatzeko asmoarekin. Herrian matrikulatzearen alde onak azpimarratu dituzte kanpaina horretan, eta honakoak dira besteak beste aipatzen diren batzuk: ikastetxera oinez edo bizikletan joateko aukera, seme-alaben heziketa hurbiletik jarraitzeko aukera, erosotasuna, herriko jarduerak eta zerbitzuak esku-eskura izatea, eta azkenik, herriarentzako aberasgarria dela, eskaintza zabaltzeko eta hobetzeko aukera ematen duelako.