Ba al da elurrik?

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 3a, 01:00

Negua hotzarekin, elurrarekin, kazkabarrarekin, euriarekin, tximista eta trumoiekin... erlazionatu izan dugu beti, hau da, eguraldi txarrarekin. Baina azkenaldian negua ohiturak aldatzen ari dela dirudi. Ez hotzik, ez elurrik. Eta normala den bezala, jende asko kezkatuta dago. Batzuk, aldaketa klimatiko horien arrazoiek kezkatzen ditu. Baina beste batzuk berriz, urtaro honek eskaintzen zituen hainbat dibertsio desagertzeko arriskuan egoteak kezkatzen ditu. Horixe da eskiatzaileen eta eskiaren inguruan mugitzen diren guztien kasua. Asko dira elurra egitearekin batera eskiatzera joaten diren hernaniarrak. Baina aurtengo neguko eguraldi onegia dela eta, jende asko elurretara joan gabe geratzen ari da. Hernani Bidaiak agentzian izan da Kronika, eta bertan adierazi digutenez, eguraldiaren eragina nabari da eskiatzeko ohitura dutenengan. `Aurtengo eski denboraldia azken 15 urteotako txarrena` izaten ari omen da. Hernani Bidaiak agentzian esan digutenez, Hernanin gero eta jende gehiago mugitu da azken urteotan eskiatzera joateko. Asko beren kabuz joaten dira, ohikoa duten leku batera. Baina beste askok bidaia agentzietara edo antolatutako irteeretara jotzen dute. Gainera, eskaintza oso onak ere izaten dira, autobusa, alojamendua, erremontea, pistara eramateko otorduak, ikastaroak... prezioarekin bat ematen dituztenak. Hori guztia dela eta, jende asko mugitzen da elurraren inguruan. Baina elur-kirol mota guztiek gauza bera dute beharrezkoa: elurra. Eta aurten, horixe da eskas xamar dagoena. Oraingoz, eski-estazioak egoera onenean dituen zonaldea Andorra da. Orokorrean, orain arte Baqueirakoa izan da elur gehien izaten zuen estazioa, eta jende gehiena bertara joaten zen. Baina aurten sekula baino elur gutxiago bota du bertan, eta hara joandako jendea ez da oso pozik itzuli. Candanchu, Formigal, Panticosa... ere ez daude oso egoera onean. Dirudienez, elur asko behar da oraindik, pisten egoera hobetzeko. Hala ere, bada eskiatzeko asmoarekin abiatzen den jendea ere. Gehienbat, asteburu pasa joaten direnak dira. Eskiatu ezina hainbeste inporta ez zaion jendea; deskantsatzera joaten den jendea, alegia.


Hernani Institutuko ikasleak eskiatzen
Kasurik argiena institutuko ikasleena izan da. Elur gutxi dagoela entzun duten arren, institutuko ikasleek eskiatzera joatea erabaki zuten. Aurreko astean 2 egun pasa zituzten Formigalen eta nahiko gustura itzuli dira. Adierazi digutenez, elur gutxi topatu dute bertan, baina badira erabiltzeko moduan dauden pistak. Inguruetako estazioak baino egoera hobean omen dago Formigal. Kontuak kontu, Hernani Institutuko ikasleek elurraz gozatzeko aukera izan dute. Ez dute pista asko irekita topatu, baina eskiatzeko moduan izan dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!