bihartik martxoaren 9ra dago irekita aurrematrikulazioa Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hernanin 2.795 ume eta gazte daude adin tarte horretan (2-16 urte) eta aukeran bost ikastetxe dituzte: Langile, Urumea, Elizatxo, Inmaculada eta Txirrita (azken hau 12 urte arte). Aurten bi urteko 205 haur daude Hernanin.
Aukera zabala
Hernanin matrikulatu nahi duenak 5 ikastetxe ditu aukeran eta hezkuntza proiektu aberatsa. Hiru ikastola publiko (Elizatxo, Langile eta Urumea), ikastetxe erlijioso bat (Inmaculada) eta herri eskola bat (Txirrita) daude Hernanin eta 5 hezkuntza proiektu ezberdin. Guztiek eskaintzen dituzte: D eredua, gaztelera, ingelesa (batzuk frantsesa), teknologia berriak. Aukera zabala, kalitatezko hezkuntza proiektuetan oinarritua, guztiek nabarmentzen dutenez: ´ikaslearen garapen integrala, gurasoen parte hartzea, baloreetan hezitzea, tolerantzia eta irekitasuna, ikaslearen neurrira jarritako hezkuntza, talde txikietan lan egiteko aukera...`.
5 ikastetxetan 2.190 ikasle
Haur Eskolan eta Institutuan daudenak kenduta, Hernaniko ikastetxeetan 2.190 ikasle daude. Horietatik 900 Langilen daude matrikulatuak, 578 Urumean, 466 Elizatxon, 254 Inmaculadan (beste 26, haur eskolan dauzka Inmaculadak), eta 22 Ereñotzuko Txirrita herri eskolan. Txirrita eskolaren kasua ezberdina da, Ereñotzu auzoko eskola txikia delako. Txirritak bailarako umeak biltzen ditu, 12 urte artekoak eta Eskola txikia izanik, eskaintza ere berezia egiten du. Eurek azpimarratzen dituzte, ´natura ingurune batean kokatua egotea, ikasle kopuru txikiaren abantailak (irakasle eta gurasoen arteko harreman zuzena), Eskola Txikien sarean sartuta egotea da, euskara bizi-bizirik dagoen eskola, euskal kulturan errotua... Urte dezenteko historia dute Hernaniko 5 ikastetxeek eta aldaketa batzuk gora behera, denak ere osasun onean daude, Kronikari azaldutakoaren arabera.