Lehenengo Sagar Lasterra herri lasterketa egingo da gaur, goizeko 11:00tan Ibarluzetik hasi eta Ave Mariara. Kirola eta kultura batzeko helburua duen proba honetan, 90 lagunetik gora daude izena emanda dagoeneko, eta gaur bertan ere apuntatu litezke asmoa dutenak: Latsunbe kalean, 09:30etatik 10:30etara jarriko den mahaian. Izen ematea: 6 euro. Bestalde, autobusak ere izango dira parte hartzaileentzat, irteerara joateko. Latsunbetik irtengo dira goizeko 10:10 eta 10:30etan. Antolatzailea SagardoGunea da, eta herriko sagardotegi, elkarte eta enpresa askoren babesa jaso du.
Ibilbidea, sagarra eskuetan
Ibarluzetik Goiko Lastaola aldera egiten du lasterketak eta bertan sagar bat hartu beharko du parte hartzaile bakoitzak, Osiñagan barrena Ave Mariaraino eramateko. Ibilbide erdi aldean, ura eta fruta banatuko diete parte hartzaileei, Berriak merkatari elkarteko kideek emanda. Sariei dagokienean, emakumezko eta gizonezko onenek txapela eta garaikurra izango dute senior eta beterano mailetan eta bigarren eta hirugarrenek ere izango dute garaikurra. Horrez gain, helmugara iristen diren guztien artean zenbait sari banatuko dira: bi lagunentzako 12 afari sagardotegietan; kirola arropa eta konplementuak; Olaizola anaien bi elastiko eta Hernaniko arraun elkarteko beste bi.
Sagardo Eguna Chillida Lekun
Bestalde, txotx denboraldian egiten diren ekitaldien barruan, II. Sagardo Eguna martxoaren 4an egingo da Chillida Lekun, atzo bertan jakitera eman dutenez. Sarrerak salgai otsailaren 26an jarriko dituzte Biterin, 8 eurotan.