Jubilatu etxeak lehendakari berria aukeratu zuen urteroko bileran

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 23a, 01:00

Pako Goia da lehendakari berria. Idazkari ohia izan zen hautagai bakarra eta postua ´hutsik ez uzteagatik` egin zuela adierazi zuen. Erabakia aho batez onartu zen.

Pako Goia da jubilatu etxeko lehendakari berria. Hala erabaki zuten, Goiz Eguzkin, asteartean egindako urteroko bileran. Goia iaz idazkaria izan zen, eta lehen, 4 urtez zuzendaritza batzarrean aritakoa da, Luis Fernandez presidente zela. Pako Goiak Benito Ruiz ordezkatu du eta Ruiz bera izan zen Goiaren hautagaitza ezagutarazi zuena bileran. Ez zen beste hautagairik izan eta aho batez aukeratu zuten lehendakaria, 125 bat lagunen aurrean. Goiak adierazi zuen Ruizek utzi egin nahi zuela eta horregatik aurkeztu zuela bere burua: ´ez nuen nahi postua hutsik geratzea` zioen.

Bilera lasaia
Astearteko bileran Joxan Rekondo alkatea, Andoni Amonarraiz Gizarte Ongintza Patronatuko burua, Jose Leon Etxart zuzendari kudeatzailea eta jubilatu etxeko zuzendari batzordea izan ziren. Bilera ´lasaia` izan zen. eta bertan 2007rako kuotak finkatu zituzten, 6 euroan. Udal arduradunek esan zuten taberna eta ileapaindegia adjudikatze fasean daudela eta parkea eta bolatokiko lanak aurki bukatuko dituztela. Leihoak eta sukaldea ere berrituko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!