Harrizko hilerrietatik herri bizi batera

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 24a, 02:00

JOAN den udaz geroztik Goizuetan bi ibilbide megalitiko daude bisitatzeko moduan. Herriko ondarea berrekuratzeaz gain jendea herrira erakartzea du helburutzat lan honek. Harriek hitz egingo balute, ziur hamaika istorio izango luketela guri kontatzeko. Goizuetako mendietan harriz osatutako zirkuluak topatzea arrunt ohikoa da. Harrespilak deituriko monumentu megalitiko hauek gure arbasoen hilobi gisa eraiki ziren duela 2.600 urte inguru, eta gezurra badirudi ere, gaurdaino bizirik mantendu dira hildakoek gordetzen duten isiltasunean. Orain badugu zer ikasia gure arbasoek utzitako ondare eder honi buruz. Urteak ez dira alperrik pasatzen, eta mendeen joan etorrian ez dira nahi bezain ongi kontserbatu harrespilak, tumulu nahiz dolmen guztiak. Beraz, ondare hori babesteko, ibilbide megalitikoen proiektua prestatu zen, 52.700 euroko inbertsioarekin. Hauetatik 6.324 euro Leader+ programak jarri zituen, 30.566 euro Nafarroako Gobernuak eta gainontzekoa Goizuetako Udalak.

Monumentuak lokalizatu, identifikatu eta ibilbideak sortu
Zortzi kilometro inguruko bi ibilbideak osatzeko lana bi fasetan banatu zen. Hasiera batean monumentuak lokalizatu, identifikatu eta mantentzeko lana burutu zen. Izan ere, harri asko puskatuta edo egoera txarrean zeuden eta ondarea egoera onean erakusteko ezinbestekoa zen eraberritze lana. Ondoren, interpretazio ibilbideak eratu ziren, bi ibilbide ezberdin osatuz: Goizueta herriaren ekialdean eta mendebaldean. Esan beharra dago 1982. urtean seinalizazio lanak egin zirela, baina hauek zaharkituta geratu ziren.

Ikusteko eta ikasteko asko
90 megalitiko inguru mendi eta bixkarretan banatuta eta 8 kilometroko bi ibilbidek elkartuta. Horixe izan da hilabeteetako lanak emandako emaitza. Goizueta herritik alde banatara daude kokatuta ibilbide zoragarri hauek; bata ekialderantz eta bestea mendebalderantz. Banaketa hau egiterako garaian kriterio desberdinak erabili ziren. Honela, kontserbazio irizpideak garrantzizkoak izan ziren, hobekien mantendutako monumentuak aukeratu baitira. Honez gain, irisgarritasuna ere kontuan hartu dute, hala, monumentu askotara autoz iris daitekeelarik. Parkingak ere prestatu dira bai Alkasoaldea eta baita Aitasemegi auzoetan , kotxea bertan utzi eta ibilbidea oinez nahiz bizikletaz egiteko megalitiko garaiko hilobietan barna.

•ALKASOALDEA auzoa herriaren mendebaldean dago kokatuta. Bertan 55 monumentu topa ditzakegu, 8´7 kilometroko ibilbideak lotuta. Harrespila multzo ederra topa daiteke han. Errekalekukoa esaterako, 26 harrespilaz osatuta dago eta Pirineoko talde handienetako da. Urgaratako gainean, 595 metroko altueran 6 harrespil daude, eta hauetako bat da, beharbada, harrespilarik ikusgarriena 9 metroko diametroarekin. Mendi honen azpikaldean, berriz, Añoneko trikuharriarekin egingo dugu topo. 5000 urtek ematen duten zama uzten digu agerian Brontze Aroko hilobi honek, baina aldi berean, tente jarraitzen du hurrengo belaunaldiek bere edertasunaz goza dezaten.

•AITASEMEGIn ez dago trikuharririk, baina harrespil edo mairu baratza eta tumulu eder askoak aurki ditzakegu bertan, 33 guztira, 7´7 kilometroko ibilbidean zehar, bakoitza bere identifikatze plaka ondoan duela. Kuxingo Bordan nahiz Enekoelorrietan kotxea uzteko aukera dago, eta dudarik gabe, herritik hasita aukera guztiak seinalizatuta daude ibilbidea behar bezala jarraitzeko. Horretarako seinale eta panel informatiboak jarri dira herrian eta ibilbideetan zehar, fenomeno megalitikoari eta zonako flora eta faunari buruzko informazioa eskainiz. Horrez gain, nahi duen guztiak triptikoak ere eskuragarri izango ditu, ibilbideei buruzko xehetasun guztiak argi eta garbi azaltzen direlarik bai euskaraz eta bai gazteleraz ere. 2008ko abuztuaren 13an inauguratu ziren ibilbideak eta geroztik askok eta askok bisitatu dituzte gure arbasoen hilobiak, artzain giroko paraje ederretan paseatzeak ematen duen plazeraz gozatuz. Urriaren 4an, esaterako, bisita gidatua antolatu zen herritik Alkasoaldeko ibilbidera eta 50 lagunek Hilharriak taldekoen azalpenak entzuteko ohorea izan zuten. Ziur bat baino gehiago aho zabalik geratu zela kuartzo zurizko harriz osatutako biribil hauek gordetzen duten historiaz jabetzean.

Megalitoak, altxor preziatuak
Paraje hauetako lehenbiziko harrespilak Barandiaranek aurkitu omen zituen 1923. urtean. 1946-1952 urteetan zehar, Luis Pena Basurtok trikuharria eta beste harrespila gehiago lokalizatu zituen, eta ondoren, 80. eta 90. hamarkadetan Luis Millán eta Juan Jose Otsoak beste batzuk gehitu zituzten inguru hauetako megalitoen zerrendara. Azkenik, Hilharriak taldea arduratu da Goizueta inguruan dauden garai bateko hilobien identifikatze lanak egiteaz. Megalitismoan aditutako talde honek katalogatze lana egin du hilabeteetan zehar. Aipatzekoa da, talde honetan parte hartu duela Xabier Taberna herritarrak. Aditu hauen esanetan, askotan trikuharrien inguruan objektu desberdinak topatu izan dira, hildakoak beren gauza kuttunekin lurperatzen zituzten seinale. Harrespiletan, erraustutako gorpuak hilobiratzen omen ziren ontzietan, eta ohikoa da harrespilen inguruan burni minerala aurkitzea, izan ere, garai horretan mineral hau material nagusia zen herramintak egiteko, lanerako nahiz armetarako. Gainera, oso kalitate oneko burnia izaten omen zen paraje hauetan. Beraz, monumentu megalitikoetaz mintzo garenean altxor preziatuetaz ari garela esan daiteke.

Goizuetako Altxorrak:
•Trikuharriak
Añonekoaren gisakoak. Brontze Aroan eraikiak izan ziren duela 5.000 bat urte, lehenengo Indoeuropear etorrerekin bat eginez. Taldekideen ehorzketarako hilobiak dira, lurrean sarturiko harriekin eta harrizko estalkiz sorturiko hilganbara, eta hau dena harri ttikiz eta lurrez estalita.

•Harrespila eta Mairubaratzak
Gure mendietan Burdin Aroan agertu ziren. Harriz egindako gune borobilak dira, bazterreko harriak haundixeagoak eta erdi lurperatuta harrapatuko ditugu, erdian beste nonbait erraustutako hildakoaren errauts batzuk altxatzeko harrizko edo lurrezko kutxatila izan ohi dute. Hemengoen zabalera bi eta bederatzi metro bitartekoa da. Itxurari dagokionez batzuk tumularrak, besteak kontzentrikoak, eta gehiengoak sinpleak dira.

•Tumuloak
Añonea eta Altzanburukoen gisakoak, harri ttikiz eta lurrez eraiki izan ziren, Burdin Arokoak izan daitezke eta hildakoen errautsak gorde ditzakete haien barruan.

----------------------------------------------------------------------------------------------------

GOIZUETA HERRI BIZIA

GURE arbasoen arrastoek argi utzi digute duela 5.000  urte inguru jende askoren bizitoki izan zela paraje hau. Biztanle gutxiagorekin bada ere, Goizuetak herri bizia izaten jarraitzen du eta aurrerantz begiratzen du. Horregatik, Udalak hainbat proiektu jarri ditu martxan herria bizirik mantentzeko, eta bide batez, turismoa bultzatzeko.
 
Labadero berriztatua
Megalitikoen ibilibideekin altxor handi bat berreskuratu berri bada ere, ez da lehenbiziko aldia Goizuetan gure arbasoen ondarea berreskuratzen dela. Izan ere, 2007an erreka ixkinean kokatua dagoen Zubimusu etxeko labaderoa berritu zuen herriko boluntario talde batek, emaitza zoragarria sortuz. Merezitako ordain gisa, Cederna- Garalur  elkarteak 6.000 euroko saria eman dio aurten Nafarroako mendialdeko ondare kulturala zaindu eta berreskuratzearen alde egindako lanagatik.
Aipatu, labaderoaren zaharberritze lan honek emakumeek toki horretan egindako lanaren errekonozimendu gisa ere balio duela.

Aterpetxea Zubimuxun
Bere izenak dioen bezala, Txino auzora eramaten duen Zubi haundiari musu emanez dago garai batean `nesken eskola` eta `irakasleen bizileku` izandako eraikuntza. Urte luzeetan hutsik egon da etxe hau, baina hemendik ez askora bisitari ugariren aterpe izatea espero da. Izan ere, Udalak eraikin honetan aterpetxea egiteko proiektua aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan, eta orain honen onarpenaren zain dago.
Goizueta herriak zer bisitatu ugari du, baina bertan lotan gelditzeko aukera gutxi. Horregatik aukera bikaina litzateke nahi duen guziari egun batzuk modu ekonomikoan pasatzeko aukera ematea, herriko ondarea eta txokoak erakutsiz.
Proiektua zehaztuta dago, baina esan bezala, Nafarroako Gobernuko teknikoen eskutan dago erantzuna. Baiezkoa ematekotan, honako ezaugarriak edukiko lituzke Zubimusu aterpetxeak:
30 lagunentzako lotarako lekua edukiko luke aterpetxe berriak bi solairutan eta 5 logelatan banatuta. 10 lagunentzako 2 logela, 6 lagunentzako logela bat eta 2 laguneko bi logela.
Gela bakoitzak bere komona eta dutxa propioa izango ditu eta honetaz gain, baita egongela nagusi bat, sukalde ttiki bat, eta jendeak bere arropa garbitzeko labadora bat ere  bai. 
Herritarrek begi onez ikusi dute proiektua, bisitariak gerturatzeko aitzaki bikaina baita herrian halako zerbitzu bat egotea, eta horrez gain, bizitasuna emango lioke inguruari.

Bidegorria egiteko lanak hasiak dira
Garai batean ura eramateko kanala zena bide gorri bezala ikusiko dugu hilabete batzuren buruan. Urumea errekaren ezkerraldean hasiak dira honezkero lanak eta 3 hilabeteren barruan bukatzea espero da. Ordurako prest egon beharko luke Olaberrin hasi eta Maleneko zubian bukatzen den bidegorri zolaberritu eta argiztatua.
Ikusten den bezala, Goizueta bizirik mantentzen den herria da eta gure aurrekoek oinordetzan utzitako ondarea mantendu eta berrituz hurrengo belaunaldiei bizitoki eta bisitatzeko leku eroso eta interesgarria eskaini nahi die, interes kultural eta turistikoa uztartuz.
Harriek, guk dakigula ez dute hitz egingo, baina herriak gure arbasoen historiaz mintzatzen jarraitzen badu, seguru altxor handien jabe izango dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!