Zikuñagako papertegiko eta Celusosas de Hernani enpresako langileek egun osoko lan uztea egingo dute bihar eta etzi, konbenio faltagatik protestatzeko. Martxoaren 2, 3 eta 4ean ere lan uztearekin jarraitzeko asmoa dute. LABen esanetan, 2006ko konbenioa erabaki gabe dago, ADEGIk ez zuelako negoziatu nahi izan. Lan uztea egitea enpresetan eginiko asanbladetan erabaki zen eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuen babesa du. Hernaniko Foresur papertegian ez dute asanbladarik egin eta ez dute grebarekin bat egingo.
Manifestazioa Tolosan
Gipuzkoako papergintzako langileek asanblada egingo dute bihar, 08:00etan, Tolosako triangelu plazan. 12:30etan manifestazioa aterako da bertatik.