Etxeratek lan uztea deitu du biharko euskal presoen eskubideen alde

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 22a, 01:00

Etxeratek dio euskal presoen egoera ´ezin larriagoa` dela. Eguerdiko 12:00etatik 13:00etara lan uztea eta kontzentrazioak deitu ditu.

Etxerat elkarteak lan uztea deitu du biharko, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara. Ordu bete horretan kontzentrazioak izango dira Udaletxe aurrean; eta Lastaola, Eziago eta Ibaiondo poligonoetan. Lan uzte honekin Etxeratek salatu nahi du euskal preso politikoen egoera ´ezin larriagoa dela` eta exijitu nahi dute ´eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko`. Herritarrei dei egin diete ekimenarekin bat egiteko. LABek ere bat egin du deialdiarekin eta bere afiliatu, ordezkari eta herritarrei dei egin die parte hartzeko.

´Egoera ezin larriagoa`

Etxeratek dio euskal presoen egoera ´ezin larriagoa` dela. Iñaki de Juanaren egoera ekarri du gogora: ´100dik gora egun daramatza gose greba mugagabean, ohera loturik torturatua... Egoerak ezin larriagoa izaten jarraitzen du, PSOEk hala nahi duelako. Izan ere duela 6 urtetatik kalean beharko zukeen`. Gainerako presoen egoera ere oso larritzat jo du Etxeratek: ´gaixotasun larriak izan arren askatzen ez dituztelako; 150 presok 3/4ak beteta edo kondena osoa beteta izan arren askatzen ez dituztelako; askatu ez eta kondena berriak ezartzen dizkiete, beraien espetxe zigorra luzatu asmoz`. Euskal preso gehienak bizi baldintza gogorrenetan dituztela ere aipatu du: ´euskal preso politikoen %80 lehenengo graduan dauzkate, egunean 20 ordu ziegetan giltzapetuta; ikasteko debekuekin; bisitak eta deiak debekatuta, edo oso murriztuta, eta kontrolatuta dituztela...`. Honekin presoen suntsiketa fisiko eta psikologikoa bilatzen dela salatu dute. Azken egunetan 24 preso urrundu izana ere salatu du elkarteak eta gogorarazi du honek senide eta lagunei ekartzen dien arriskua. Jokabide honen atzean mendekua eta xantaia dagoela dio Etxeratek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!