«5.000tik gora sinadurarekin aurkeztutako mozio batek plenora joan behar luke»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 18a, 01:00

URUMEA bailara Birizik Plataformak errausketaren kontra eta alternatiben alde mozioa aurkeztu zuen abenduan eta otsailaren 9ko Bozeramaile Batzordeak onartu ez zuela eta, bere balorazioa helarazi dio Kronikari.

Mozioaren tratamendua dela eta
Plataformak salatu du mozioa ez dela pleno batean tratatu eta horren zergatiaren berri ofizialki ez dutela jaso: ´5.000tik gora sinadurarekin aurkeztutako mozio batek plenora joan beharko lukeela deritzogu`. Bozeramaile Batzordea organu itxia izanda, mozioa defendatzeko inolako aukerarik ez izatea, eta noiz tratatu behar zuten ez jakinarazi izana ere salatu du.

Mozioari ezezkoa eman zaiola eta
Plataformak galdetzen du: ´nola liteke Hernaniko Udalari gai honek kezkarik ez sortzea, kilometro batzuk haraxeago, Lasarte eta Usurbilgo alkateei (mozioaren aurka botatu duten partidu berekoak), izugarrizko kezka sortzen badie?`. Plataformak azaldu du, Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean errausketa bosgarren puntuan agertzen dela eta salatu du planaren azken puntuetan dagoen sistema baten alde ari direla oraindik. Udalak alternatibak aztertu eta bultzatzeko puntuari ezezkoa eman izanak harritu egin du plataforma: ´Nola liteke talde bat zaborraren arazo larriari irtenbide bat emateko, dituen baliabide urriekin lanean hasi denean, Udalak dituen eskumen eta baliabideak izanik, lan honetan buru egiteko eskatu eta ezetza ematea?`.

´Gizartea mentalizatzen ari da`
Plataformak dio erraustegiaren aurkako mugimendua gero eta indar haundiagoa ari dela hartzen, eta ´gizartea mentalizatzen ari den era berean, Diputazioaren eta mankomunitatearen arrazoiak indarra galtzen` ari direla. Bukatzeko plataformak dio errausketa ez dela Gipuzkoako zaborrak kudeatzeko sistemarik egokiena eta garbi utzi nahi izan du alternatiben alde lan egiteko prest daudela: ´gizarte honek sortutako arazo larri bat da zaborrarena eta gizarteari dagokio horri konponbide bat ematea` adierazi du.

Datozen egunetan
-Manifestazioa Donostian,
martxoaren 3an.
Erraustegiaren aurkako plataformen koordinadorak antolatuta. Urumea Bailara Bizirik plataformak dei egiten du joateko. Anoetatik aterako da, 17:00etan.
-Errausketari buruzko
hitzaldia, Hernanin.
Manifestazioa izango den aste horretan bertan, Urumea Bailara Bizirik plataformak hitzaldia emango du Hernanin, erraustegiaren gaiaren inguruan eta alternatiben inguruko informazioa zabaltzeko. Eguna eta lekua zehaztuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!