GAZTE Asanbladako kideak ostiral arratsaldean bildu ziren, Kontrakantxa gaztetxeko atea itxi egin dutela eta. Mobilizazioak egitea erabaki dute, astelehenetik ostiralera enkarteladak egingo dituzte, egunero, arratsaldeko 17:30etan. Ostiral arratsaldean manifestazio bat egingo dute, arratsaldeko 20:00etan aterako dena. Bart gauean ere, gauerdian, kazerolada zuten egitekoa, Kronikari adierazi diotenez. Gazte Asanbladak adierazi du atea itxi arren, berriro sartu direla eta Kontrakantxan jarraitzeko asmoa dutela.
JASOTA BEZALA
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu, Kontrakantxa gaztetxea errealitate izan dadin lan egin duten guztiei eta lanean jarraituko dutenei. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, Kontrakantxako lehendabiziko kontzertura joan zirenei, alkatearen ez joateko gonbidapenaren ondoren, eta babesa erakutsi zuten ehunka gazteei. Lokal hauek azpiegitura ederrak dituzte (komunak, dutxak, sukaldea, eta abar), eta udal agintariek `urperatu` egin dituzte. Hernaniko gazteak urteak daramazkigu lokal bat eskatzen eta ez digute jaramonik egin. Lokal horiek galdu ez daitezen ari gara lanean. Erasoak jaso ditugu, San Joanetan, Santo Tomasetan eta orain Inauterietan. Une ahulenak bilatzen dituzte. Baina lokala tapiatu arren, jakinarazi nahi dugu guk berriro ere ireki egin dugula. Argi dago beldurraren ondorioz jokatzen dutela modu honetan udal agintariek, kontrolatzen ez duten taldea garelako. Hilabeteak daramazkigu ekitaldi ezberdinak egiten eta ez dute, orain arte, gure segurtasunarengatik inongo `kezkarik` erakutsi. Kontzertua aurretik bidalitako ohar beldurgarria aurpegi zuriketa besterik ez zen izan. Ekintzak, hitzak baino ozenago mintzo dira, eta udal agintariei, bost axola zaizue gazteon egoera. Ez gaitzazue horrenbeste maitatu eta utzi trabak jartzeari. Jakin ezazue, katarroak ez direla eguzkitako kremarekin sendatzen. Atsegindegik ez du balio. Hernaniko gazteok elkartzeko, antolatzeko, ikasteko, hanka sartzeko, eztabaidatzeko, gozatzeko eta maitatzeko lokala nahi dugu, eta prest gaude, zintzoki, bide horretan laguntzeko prest dagoen guztiarekin hitz egiteko. Baina bitartean hitzetatik ekintzetara pasa bitartean, (hauteskundeak iritsi arte luzatu nahi baitute alternatiba bilatzea) Kontrakantxan jarraitzeko asmoa dugu.
Alaia Esnaola, Kontrakantxa gaztetxearen izenean.