Hernaniko bi talde nagusiak etxean izango dituzte gaur partiduak. Emakumezkoen ligakoak Luberriren aurka dauka partidua goizeko 10:30etan. Arratsaldean, berriz, Gorengo mailako taldeak Ordiziaren bisita jasoko du Zubipen, 16:30etan. Hauez gain, jubenilen eta infantilen partiduak ere izango dira gaur, Zubipen.
Emakumezkoen ligan, goian kokatzea helburu
Emakumezkoen ligako taldeak sendo hasi du igoera fasea, etxeko partidua irabazi eta kanpokoa berdinduta. Bi gol besterik ez ditu egin Jon Zabaleta eta Iñaki Lopezen taldeak, baina 6 puntutik lau bildu dituzte eta laugarren dira sailkapenean, bigarrenaren puntu berdinekin. Gaur Luberri antiguatarrak hartuko dituzte Zubipen, eta neurketa irabaziz gero, oso ondo kokatuta geratuko lirateke hernaniarrak, datozen partiduak jokatzeko konfiantzarekin, ziur aski. Luberri 6garren dago sailkapenean, porrot eta berdinketa bana eginda.
Gorengo mailan, bigarren postua jokoan
Gorengo mailakoak partidu garrantzitsua du gaur, eta datozen asteetan, horrelako gehiago izango ditu seguruenik, bigarren itzulian aurrera egin ahala, talde guztiak aurrean sartu nahiko dute eta. Gaur Ordiziaren aurka neurtuko dituzte indarrak, 22garren jardunaldian. Goierritarrak hirugarren dijoaz sailkapenean (35 p.), hernaniarrengandik hiru puntura. Atzekoak aldentzeko bigarren aukera kontsekutiboa izango da gaurkoa zuriberdeentzako; aurrenekoa joan den astean pasatzen utzi zuten, Hondarribiaren aurka deskontuan bi puntu galdu eta gero. Gaurkoa aprobetxatuz gero, bigarren postuan sendotuko litzateke Hernani eta liderrarengandik sei puntura jarraituko luke, gehienez. 6garren eta 5garren sailkatuek, Anaitasunak (32 p.) eta Mondragonek (33p.), elkarren aurka jokatuko dute, gaur 16:30etan, Azkoitian.