Sagar Lasterra izena eman diote lasterketa berriari eta lehen edizioa jokatuko da datorren larunbatean, otsailak 24, hasi Ibarluze poligonoan eta Ave Mariara. 7,8 kilometroko lasterketa honek sagardoarekin zerikusia duten zenbait leku zeharkatuko ditu: Goiko Lastola, Iparragirre eta Altzuetako erribera, Osiñaga eta abar. Gainera, berezitasun bat ere izango du lasterketa berri honek: 1,2 kilometroan sagar bat hartu beharko dute parte hartzaileek eta helmugan utzi beharko dute sagarra, edo mutxikina, glukosa beharren arabera. Lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da eta izen ematea, internetez egin liteke (www.herrikrossa.com) edo egunean bertan kiroldegi aurrean. Aldez aurretik 3 euro balio ditu izen emateak eta egunean bertan 6 euro.
Helduentzat
Lehen edizio hau 16 urtetik gorakoentzat izango da, senior eta beterano mailan. Datorren urterako eskola kiroleko neska-mutilei zabaltzeko asmoa da lasterketa, antolatzaileek Kronikari esan diotenez. Lehen sailkatuentzat sariak eta txapelak izango dira eta parte hartzaileei kamiseta bana emango zaie. Lasterketa bukatzen duten guztien artean zozketak egingo dira: sagardotegietan afariak, bale komertzialak, kirol materiala...
SagardoGunearen eskutik
SagardoGunea da Sagar Lasterraren antolatzailea (Udalak eta Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkarteak osatzen dute) eta CD Hernani eta Txotx komisioa aritu dira antolakuntzan. Txotx denboraldiko ekitaldien barruan dago lasterketa, eta bere helburuen artean daude, sagardoa eta kirola uztartzea eta SagardoGunearen proiektua herritarrengan zabaltzea.