Mozorroei hautsa kentzeko ordua da

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 15a, 01:00

Bihar hasiko dira inauteri jaiak Hernanin, eta asteartera arte iraungo dute. Ikasleei zuzenduak dira bereziki, eta ikastetxeak berak izango dira txupinazoa botako dutenak.

Inauteri jaiak bihar hasiko dira Hernanin, eta egitarau zabala dakarkite aurten ere, mozorroa jantzi eta kalean ibiltzea gustoko dutenentzat. Azken urteetan gazteenentzako festa bihurtu da inauterietakoa eta aurtengo egitaraua ere berei zuzendua dago bereziki. Hasiera ofiziala herriko ikastetxeek emango diete gainera inauteriei, festa hauen alde egiten duten guztia eskertzeko asmoarekin. Hasiera ofiziala bihar arratsaldean izango dute inauteriek, baina, egunik beteenak larunbat, igande eta astelehenekoak izango dira.

Axeri Dantza, bi egunetan
Inauteri jaiek izaten duten bereizgarrietako bat, urteko lehen Axeri Dantzena izaten da: larunbatean helduak joango dira sokan, eta astelehenean Langile ikastolako ikasleak. Jon Alejos arduradunak Kronikari esan dionez, Inauterietako Axeri Dantzak baditu bere berezitasunak: ´normalean jende gazteagoa ateratzen da kalean eta sokan ere koadrila desberdina ateratzen gara. Desberdina da, eta niri asko gustatzen zait`. Negua izanda, jendeak San Joanean baino arropa gehiago eramaten omen du eta kolpeak ez dute horrenbesteko gorritasunik uzten. Hasierako dantzak ere berezitasunak ditu: Inauterietan Axeriak ez du hasierako dantza egiten eta San Joanetan bai; Inauterietan ordea, sokan dijoazenek suge-dantza moduko bat egiten dute.

Hernaniko bide ezkutuak
Hernaniko Kaxkoa bide ezkutuz josia dago, eta Axeri dantzak atzeko bide horiek erabiltzen ditu jendea ezustean harrapatzeko. Egun bat edo bi lehenago taberna eta portaletara joaten dira Axeri Dantzako arduradunak, egun horietan irekitzea eskatzeko. Axeri Dantzako kideek eskerrak eman nahi dizkie portal, taberna eta dendak irekitzen dituen jendeari, ´Axeri Dantzaren eta jaien alde` egiten duten lan horregatik. Horrez gain, Elur Txori elkarteko Agustin Fraileri ere eskerrak eman dizkie, berak jartzen baitie indarrak hartzeko gosaria, Axeri dantza aurretik. Erreleboa ziurtatze aldera, Langile ikastolako ikasle gazteek ere egiten dute beren Axeri Dantza, astelehenean. Hala ere, zail dago Axeri Dantzako koadrilan sartzen, Alejosek Kronikari esan dionez: ´norbaitek baja eman arte ez da berririk sartzen, eta sartu nahi dutenen zerrenda luzea da`.

Konpartsa, kaleak betean
Aurten ere, kolore eta jenderik gehien Konpartsak bilduko du, oker haundirik gabe, bai karrozetan eta bai ikusten. Urteroko moduan, entsaiotan murgilduta dabiltza taldeak. Ttarla dantza taldean 239 haur, guraso eta irakasle dira ateratzekoak, xomorroz jantzita: erlez, amona mantangorriz, euliz eta tximeletaz. Ikasleak larunbatero entsaiatzen dute eta gurasoek ere hiru bat entsaio egin dituzte. Langile ikastolak Veneziako inauteriak irudikatuko ditu, gondolero, jantzi elegante eta abarrekin. Kurrikulumaren barruan sartua daukate ekitaldia eta eskola orduetan ari dira entsaiatzen, ikasle eta irakasleak. Arduradunen hitzetan, gurasoek laguntzen diete karroza prestatzen, jantziak egiten eta abarretan, eta prestakuntza dezentea du festak. Elizatxo ikastola karrozan irtetzen dela 10 urte dira aurten, eta hori ospatze aldera, festa izango dute karrozako gaia. Ikasle, irakasle eta gurasoak irtengo dira eta larunbatetan ari dira entsaiatzen. Inmaculada ikastetxeak berriz 60 hamarkadako hippyak izango du gaia eta hemen ere ikasle, guraso eta irakasleek hartzen dute parte eta larunbatetan entsaiatzen dute.

Egitaraua

Otsailak 16, ostirala
-15:15: Jaien hasiera ofiziala. Herriko ikastetxeei omenaldia egingo zaie.
-17:00: Buruhaundiak.
-17:30: Kupela taldea, Plaza Berrin.
Otsailak 17, larunbata
-10:00: Azeri dantza.
-11:00: Betikoak txaranga.
-11:30: Zezenak, Latsunben.
-12:00: Benta zaharreko mutil alaiak taldearen irteera.
-13:00: Buruhaundiak.
-16:30: Berria pelota
txapelketa, kiroldegian.
-17:00: Potxin eta Patxin
pailazoak, Atsegindegin.
-17:30: Benta zaharreko mutil alaiak taldearen irteera.
-18:00: Betikoak txaranga.
-17:30: Mozorro festa, Tilosetan. Segidan zezen suzkoa.
-00:00: Betikoak txaranga.
Otsailak 18, igandea
-11:00: Betikoak txaranga.
-12:00: Konpartsen irteera, Urbieta kaletik.
-17:30: Txiki Glub emanaldia, Detraka taldearekin.
-18:00: Betikoak txaranga.
-19:30: Trikitilari eta
dultzaina-joleen irteera.
Otsailak 19, astelehena
-09:00: Diana.
-10:00: Azeri dantza.
-11:30: Zezenak, Latsunben.
-12:00: Jolas eta jokoak
emanaldia, Kulki taldearen eskutik, Atsegindegin.
-16:00: Buruhaundiak.
-17:00: Kanpanolue emanaldia, Atsegindegin.
-18:00: Break dantza eta Scratch erakustaldia, Atsegindegin.
Otsailak 20, asteartea
-18:30: Sardinaren entierroa.

Maria Magdalena egoitzan ere inauteri jaiak

Maria Magdalena Zaharren Egoitzan, gaurtik asteartera ospatuko dituzte inauteri jaiak, eta urteroko moduan, ekitaldi ugari izango dituzte. Gaur, osteguna, Toka txapelketa izango dute goizean, eta dantza emanaldia A.G.A.T.A elkartearen eskutik. Bihar, berriz, goizean igel txapelketa izango dute eta arratsaldean, inauterietako bingo berezia jokatuko dute. Larunbatean, urdailari poza emateko, inauterietako merienda berezia izango dute. Igandean, berriz, udazkeneko ekitaldietako, Gabonetako eta San Sebastian eguneko diapositibak ikusiko dituzte. Astelehenean, seiko urrean ariko dira eta asteartean txokolatadarekin errematatuko dituzte aurtengo jaiak. 


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!