Erakusketa batek hasi du Haizearen Orraziaren inguruko egitaraua

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 15a, 01:00

ATZO aurkeztu zuten Chillida Leku museoan, Haizearen Orraziaren 30garren urteurrena dela eta, antolatu duten egitaraua. Programazioa erakusketa batekin hasi dute, Haizearen Orrazia, Ideiatik Proiektura, amets baten gauzatzea. Maiatza bitartean izango da ikusteko aukera, Zabalaga baserrian. Beste bi erakusketa ere izango dira: maiatzetik irailera, artelanaren alde estetikoari buruzkoa; eta bestea, irailetik abendura, Haizearen Orraziari ateratako argazkiekin osatutakoa.

Ekitaldi ofiziala irailean
Haizearen Orrazia 1977garren urteko irailaren 16an ireki zen eta aurten, fetxa horretan egingo dute ekitaldi ofiziala, Haizearen Orrazian bertan. Ekitaldian, artelana inauguratuko dute, bere garaian ez baitzen inaugurazio ofizialik egin; antolatutako jarduera ezberdinenetako sariak banatuko dira; eta iluntzean ikuskizuna izango da, dantza, soinua, sua, argia eta abarrekin. Aurreko astean, hezkuntza jarduerak, udako Tai-Chi ikastaroa, eguneko kale ikuskizunak eta kirol jarduerak egingo dira (Orrazitik museora lasterketa eta Orrazitik kaira igeriketa froga). Maiatzetik irailera, Museum Cemento Rezolan Elogio al Horizonte Chillidaren artelanari buruzko erakusketa izango da. Zientziaren Kutxa Guneak jarduera didaktikoak ere egingo ditu, ikasleekin, martxotik aurrera. Aste Santuan eta udan Haizearen Orraziaren inguruan ibilbideak antolatuko dituzte bisitarientzat. Artelanari buruzko irudiak ere jarriko dira Donostian. Irailean, EHUko udako ikastaroa izango da Obra Publikoa eta Egile Eskubideak gaiaren bueltan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!