Kronikak Hernaniko auzoen errealitatea ezagutarazi nahi du eta aurrerantzean auzo elkarte ezberdinekin jarriko da harremanetan, beren egoeraren berri emateko. Gaurkoan Sorgintxulokoek esandakoa jasoko dugu. Auzo elkarteak dio Sorgintxulo ´ahaztuta` dutela eta Udalarekin aldizka biltzea eskatzen dute. Horrez gain, auzoan ikusten dituzten 12 beharrei irtenbidea ematea eskatzen dute. Horren berri eman dute Javier Doval eta Jose Mari Navarrok, elkarteko lehendakari eta lehendakariorde berriek. Hauek Goio Irazusta eta Roberto Espinosa ordezkatu zituzten iaz, 20 urte eta gero.
Aparkaleku falta eta bere eraginak
Sorgintxuloko auzo elkartearen eskaera nagusia aparkalekuena da: ´10-12 urte daramazkigu eskaera berdinarekin eta kontua ez dago batere garbi` dio Dovalek. Auzotarren alternatiba errepide generalaren eta etxeen arteko desmontea aprobetxatzea da. Auzotarrak espaloietan aparkatzen dutela-eta, errepidera ateratzea oso arriskutsua bihurtu da: ´Isletan piboteak falta dira eta kotxeak hor aparkatzen dutenez, auzotik irtetean ez da ikusten kotxerik badatorren; gainera kotxeak abiadura bizian datoz eta ez dute semaforoa errespetatzen` azaldu dute. Piboteak berriz jartzea eskatu dute.
12 eskaera
Auzotarrak kezkatzen dituzten beste gai batzuk hauek dira: kalean hosto pilaketa; diotenez garbitzaileek ez dituzte hostoak jasotzen eta estoldak (alkantarilak) ataskatzen dituzte. Marieluts auzora errepide ondotik dijoan espaloia txukuntzea ere eskatzen dute, ´hesia egoera txarrean dago eta argiztatzea ez da nahikoa. Gauez ez da bide segurua`. Garrantzitsu jotako beste puntu bat zera da, seinalizazio egokirik eza. Diotenez, Sorgintxulo dioen seinale bakar bat ere ez dago, eta anbulantziak eta banatzaileak ez dute erraza izaten auzoa aurkitzea: ´auzoko sarrera pasaz gero, zirkuituari buelta guztia eman behar zaio berriz` gogorarazten dute. Gainontzeko puntuetan zera eskatzen dute: auzo elkartearen egoitzarako estufa berria eta konponketa batzuk; auzoko bankuak margotzea; ura mozten dutenean aurrez abisatzea; eta Luyher dendaren aurreko pasabidearen egoerari irtenbidea ematea (kotxeak aparkatzen dituzte eta ez da pasatzeko lekurik geratzen).
Auzo elkartearen eskaera nagusiak
Aparkatzeko lekua. Auzoan ez dute aparkatzeko leku nahikoa. Irtenbideak eskatzen dituzte. Azken 10-12 urteetan egindako eskaera dela diote.
Udazkenean hosto pilaketa kalean. Auzo ingurunea zuhaitzez betea dago eta udazkenean eroritako hostoekin betetzen da kalea eta estoldak ataskatu egiten dira. Ez dakite zeini dagokion jasotzea.
Errepidera irteera arriskutsua. Auzo irteerako isletan kotxeak egoten omen dira aparkatuta eta errepidera ateratzeko bisibilidade falta dago . Isletan piboteak jartzea eskatzen dute.
Altzari publikoen mantenua. Auzoguneko bankuak zaharkituta daude eta hauek margotzea edo berriak jartzea eskatzen dute.
Marielutsera dijoan espaloiko hesia eta argiztatzea. Errepide ondotik Marieluts auzora dijoan espaloian ez dago nahikoa argi eta hesia egoera txarrean dago.
Ur mozketak jakinaraztea. Auzo elkarteak dio ez dietela abisatu azkeneko ur mozketetaz.
Seinalizazio egokia jartzea. Sorgintxulo auzoa seinalizatuko duen kartela jartzea eskatzen dute, anbulantziak eta banatzaileak, ezjakintasunagatik, maiz aurrera jarraitzen dutelako.