Hernaniko 6 arrandegietan arraina euskeraz eskatzeagatik saria irabazi daiteke, gaurtik hasi eta martxoaren 16ra arte. Neurri honekin, besteak beste, Buruntzaldeko 6 udalek herri hauetako arrandegietan euskeraren erabilera sustatu nahi dute. Orain arte 22 arrandegi bildu ditu ekimenak eta Hernanikoak hauek dira: Amaia, Mª Carmen, Otaegi, Mari Fe, Oiartzabal eta Itxaspe.
Atzo aurkeztu zuten Eska ezazu arraina euskaraz kanpaina, Andoaingo udaletxean, eta Marifer Gorostiza Lasarte Oriako udaleko euskara teknikariak eman zuen horren berri.
Kanpainaren barruan kartelak, esku orriak eta azalpen pintxoak banatuko dituzte arrandegietan, 63 arrain ezberdinen euskerazko izenarekin. Ikastetxe eta euskaltegietara ere zabalduko dute kanpaina.
Aurten zozketa
Kanpaina 2004an eta 2005ean ere egin zen, baina aurtengo nobedadea zozketa izango da: 50 euroko hiru sari arrandegi bakoitzean.
Arraina erosterakoan, esku orria jasoko du erosleak eta horren bidez, zozketa batean parte hartzeko aukera izango du erosleak. Horretarako, bere datuez gain, arrain errezeta bat idatzi beharko du esku orrian, eta arrandegian aurkituko duen kutxan sartu.
Zozketan parte hartzeko epea martxoaren 16an bukatuko da eta irabazleak hilabete bukaeran jakinaraziko dituzte. Arrandegi bakoitzak 100 esku orri banatuko ditu.
Ikastetxeetan eta euskaltegietan
Aurten beste bide bat erabili dute Buruntzaldeko udalek jendea euskeraren erabileraz sentsibilizatzeko. Buruntzaldea osatzen duten herrietako eskoletako bi mailatako ikasleengana joko dute, hauen bitartez, gurasoek ere kanpainaren berri izan dezaten. Ikasle bakoitzak esku orri bat ere eskuratuko du.
Ikastetxeez gain, euskaltegietan ere emango zaie ikasleei parte hartzeko aukera.
Hernanin parte hartzen duten arrandegiak
Amaia (Kardaberaz, 34)
Mª Carmen (Etxeberri, 4)
Otaegi (Gudarien plaza, 11)
Mari Fe (Nagusia, 36)
Oiartzabal (Mañe y Flaquer, 6)
Itxaspe (Antziola, 5)