Ongintza Patronatuko Zuzendaritza Batzordea bilduko da gaur, arratsaldeko 16:00etan eta eztabaidarako duten puntuetako bat telelaguntza zerbitzuarena izango da. Adineko jendearentzako zerbitzua da hau, arrisku egoeratan eta beharra dutenetan nora deitua izateko zerbitzua. Orain artean, Hernaniko Udala da telealarma zerbitzua gestionatzen duena, eta gaur mahai gainean dutena da Eudel eta Diputazioak adostutako konbenioa onartzea. Gaurko zuzendaritzak onartuko balu, plenoak eman beharko lioke behin betiko onarpena araudiari, ziur asko hurrengo plenoak. Gipuzkoako gainerako udaletan ere prozesu bera jarraituko du gaiak eta araudia indarrean noiz jarriko den ez dago argi, baina udararako izan litekeela esan diote Kronikari
Konpetentzia udalarena da gaur egun eta aurrerantzean ere berea izango litzateke, baina, gestioa Diputazioak egingo luke. Araudi berri honekin Diputazioak nahi duena da Gipuzkoa guztiko Telelaguntza zerbitzua bateratzea, eta lehiaketa publiko bidez egitea adjudikazioa.
Zerbitzu zabalagoa
Telelaguntza zerbitzua oraingo telealarma zerbitzua baino zabalagoa izango litzateke. Alarma kasuetan 112 zenbakiarekin harremanetan jartzeko aukera izango lukete beharra duten adinekoek, baina horrez gain, hitz egiteko beharra dutenentzat zerbitzua, pastillak eta abar hartu behar dituztela gogoratzeko deiak eta beste hainbat gauza biltzen ditu Gipuzkoa guztirako telelaguntza zerbitzu honek.
Telealarmak 97 erabiltzaile ditu Hernanin
Bakarrik bizi diren edo egunean zehar maiz bakarrik egoten diren adinekoentzako zerbitzua da neurri haundi batean telealarmarena. Telefonoa baino haundixeagoa den aparailu bat da, eta lepokoa edo pultsera moduan eraman litekeen lagungarri bat ere badu, telefono horrek. Alarma kasuetan 112ra deitu liteke telefono honekin eta eroriak eta antzekoak ere antzematen ditu aparailuak eta laguntza iristea bideratu. Hernanin gaur egun 97 aparailu daude alta emanda, Ongintza Patronatutik jakitera eman dutenez. Zerbitzuaren prezioa, eskatzailearen diru sarreren araberakoa izaten da eta eskatu edo informatu nahi duenak Ongintza Patronatura jo edo bertara deitu lezake:
943 55 78 54.