UDALETXE barruko euskara plana onartu da duela gutxi, urtarrilaren 18ko Gobernu Batzarrean. Udaletxeko plana onartu bada ere, Ongitza eta Kirol patronatuetan ere ari dira euskara planak diseinatu eta aurrera ateratzen. Momentuan bi hizkuntza normalizatzaile ari dira plan hauek garatzen, Udal euskaltegiko bi irakasle: Kristina Korella Ugalde udaletxe barruko planen arduraduna da 1999tik; eta Eli Insausti Lasa patronatuetako planetaz arduratzen da 2005garren urtetik.
Kristina Korellak azaldutakoaren arabera, aurtengo lehentasunak izango dira: udaletxeak subkontratatzen dituen langileak euskaldunak izatea (Biteriko ikastaroak, kiroldegiko monitoreak...); erabili beharreko euskararen hizkuntza irizpideak berrikustea (nola hartu herritarrak, idatziak nola osatu, ...); eta langileentzako trebakuntza saioekin jarraitzea.
Helburuak eta zailtasunak
Euskara planaren helburua udaletxean euskararen erabilera indartu eta areagotzea dela azaldu dute bi hizkuntza normalizatzaileek. Lehentasuna herritarrekin tratu zuzena duten arloek dute. Gainerako administrazioekin izaten diren harremanetan euskara erabiltzea eta udaletxe barruko harremanak euskaraz izatea ere helburuen artean daude.
Helburuak betetzerakoan zailtasunak ote dauden galdetuta, azaldu dute teoriatik praktikara pasatzerako garaian izaten direla zailtasunak: ´jendea orokorrean euskararen alde dago; baina ohiturak aldatzerako garaian zailtasunak izaten dira`.
Hala ere, mantxo baina udaletxeko funtzionamenduan aurrerapausuak izaten ari direla azaldu dute: ´guk batez ere idatzietan eragiten dugu, eta izan dira aurrerapausuak, esaterako, testuen kalitatea hobetu da; administrazioko testuak ulergarriagoak dira`.