IÑude eta artzaien konpartsak Hernaniko kaxkoa zeharkatu zuen atzo eguerdian. Urumea Ikastolako 130 ikaslek, bakoitza bere paperean, garai bateko pertsonaiak ekarri zituzten gogora, musika eta dantzarekin lagunduta. Danborreroek eta Urumea ikastolako txarangak jarri zizkieten doinuak iñude eta artzaien dantzei.
Gudarien plazan ekitaldia
Kaxkoko kaleetan ibili ondoren eta ibilbidea Urumea Ikastolan bukatu aurretik, Gudarien plazan egin zuen konpartsak ekitaldi nagusia. Bertan, iñudeek, zaindutako haurrak sendagileari eraman zizkieten, eta honek txertoa jarri zien, artzaien begiradapean. Bukaeran denek batera dantzatu zuten arin-arina.