«Armani bezalako enpresa haundi batean prozesu kreatiboa oso desberdina da»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 11a, 01:00

Lizeaga auzoan dauka bere bulegoa Igor Alustizak eta handik atera dira bere goi-mailako diseinuetako asko. Azken aldian ordea urruti samar dabil, Milanen (Italia) hain juxtu, Armani enpresa ezagunarentzat lanean ari delako. Distantzia luzea izan arren gustura erantzun ditu Igorrek KRONIKAk bidalitako galderak.

Bulegoa Hernanin duzu ezta? Bai.

Noiztik zaude bertan lanean? 2005ko urtarrilean hasi nintzen bertan.

Zein funtzio betetzen du bulego horrek? Momentu honetan ez du inongo funtziorik betetzen. Beti etorkizunean gertatuko denaren funtziopean dago.

Zu jaiotzez donostiarra zera ezta? Bai. Añorgatarra.

Zenbat urte dituzu? 35 urte.

Zeintzuk dira zure ikasketak? Enpresaritzan lizentziatua eta Moda Diseinuan diplomatua.

Nola izan zen enpresaritzatik moda diseinatzaile izaterainoko saltoa? Nolatan deitu zizun atentzioa modak, zer dela eta hasi zinen horretan? Beti izan dut gustuko artea, marraztea eta Goi Mailako Moda edo Haute Couture delako hori ikustea. Beti erakarri ninduen. 18 urtekin berriz, eta agian nire etorkizuna nolabait bermatu nahian, enpresaritzako ikasketak egitea erabaki nuen. Geroztik beti izan nuen artistikoagoa den karrera bat egiteko desioa eta 1999ko udan moda diseinua egin behar nuela erabaki nuen.

Diseinatzeaz gain zerorrek josten duzu ezta? Prozesu guztia egiteko gai zara, beraz. Bai. Paperean diseinatutakoa hiru dimentsiotan isladatu behar duzu eta hori lortu ahal izateko josteko gaitasuna izateak gauzak asko errazten ditu, batez ere diseinatutakoa oso berezia denean. Bestalde, norbera josteko gai denean kreazio eremua askoz ere zabalagoa da, ez baitago besteen menpe.

Txikitatik izan duzu josteko sena ala duela gutxi deskubritutako zerbait da? Duela gutxi deskubritu nuen zerbait da.

Zenbat denbora daramakizu jantziak diseinatzen? Zein lan izan dituzu orain arte? 1999ko irailean Madrilera joan eta moda diseinua ikasten hasi nintzen. 2002ko uztailean lortu nuen diploma. Lehen bilduma 2003ko irailean aurkeztu nuen Bilbon. Beraz, lau urte eskas daramazkit jantziak diseinatzen. Enpresaritzan lizentziatu eta gero lore denda bat ireki nuen nire arrebarekin Lasarte-Orian. Bertan hiru urtez lan egin nuen. Gero Madrildik bueltan, eta nolabait bildumen produkzioa finantziatu ahal izateko, administratzaile bezala lan egin dut bulego batean lau urtez. Azalduko zenuke lan horien ezaugarriak zeintzuk diren, zure eboluzioa ulertze aldera? Ez dute inolako zerikusirik. Arrunt ezberdinak dira.

Zure karreran saltoa joan den ekainean gertatu zen, lan bat lehiaketa batean aurkeztu zenuenean. Nola izan zen? Moda munduan internazionalki ospe handia duen lehiaketa da ITS bezala ezaguna den International Talent Support lehiaketa (www.itsweb.org). Agian munduan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena. Nik portfolioa eta proiektua aurkeztu eta aukeratu egin ninduten 46 herrialde ezberdinetako 800 eskaeren artean.

Zer ekarri dizu lehiaketa horretan juradoak aukeratu izanak? Bertan zure lana aurkeztea oso garrantzitsua da, hamaika kontaktu egiten baitituzu baita zure traiektoria goraipatu ere.

Zeintzuk dira aurkeztu zenuen kolekzioaren ezaugarri nagusiak? Bilduma bi aspektutan oinarritzen da batipat: lehenik, Goi Mailako Moda edo Haute Couture delako estiloan eta bigarrena Parakaidismoan. Biak bateratzen saiatu naiz.

Diorri ezetz esan omen zenion, Armanin hasi behar zenuela eta. Nola izan da hori? Armanik eskainitako lan baldintzak (bai ekonomikoki baita iraupenari dagokionez ere) hobeak zirelako.

Asko aldatu al dizu bizitza Armanin hasteak? Noski, beste herrialde batean lan egiteak erabat aldatzen du zure bizitza: ohiturak, hizkuntza, jende berria ezagutu beharra... Zerotik hasi eta dena egiteke daukazu. Bestalde halako enpresa haundi batean prozesu kreatiboa arrunt ezberdina da. Hamaika pertsonek parte hartzen dute bertan eta erabakiak inoiz ez dira pertsonalak.

Zein lan egiten duzu Armanin? Armanin hainbat linea daude: Giorgio Armani, Armani Prive, Emporio Armani, Exchange, Armani Jeans eta abar. Nik Giorgio Armani delako linean estilista bezala lan egiten dut.

Zure diseinuak alde batera utzi behar izan al dituzu? Bai. Proiektu pertsonala alde batera utzi behar izan dut, bi proiektuak aurrera eramatea ez baita posible.

Etorkizunerako zein asmo duzu? Epe laburrera Armanin jarraitu nahiko nuke. Uztaila arte sinatu dut kontratua. Gero zer gertatuko den jakitea ez da erraza. Espero dut beti onerako aurrerapausua izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!