Hernaniko Etxeratek mozioa aurkeztu zuen herenegun Udaletxean, datorren plenoan eztabaidatuko duten asmoarekin. Mozio horretan Iñaki De Juana preso donostiarraren egoera salatzen dute eta Udalari eskatzen diote horren inguruan konpromisoak hartzeko.
Konpromisoak
Iñaki De Juana presoaren ´egoera ezin larriagoa` dela eta, Etxeratek Udalari konpromiso batzuk eskatzen dizkio, hala nola, presoaren baldintzarik gabeko askatasuna eskatzeko, horren alde ekimenak antolatzeko, eta erabaki horien berri komunikabideei emateko. Horrez gain, Etxeratek adierazi du Udaletxe guztiek horrelako mozioak onartzen badituzte ´presioa areagotu` egingo dela. Datorren plenoa noiz izango den ez dakiten arren, herritarrei ´adi egoteko` eta plenoan parte hartzeko eskatu diete.
Sinadura bilketa
Etxeratek mozioa herritarren sinadurekin ´babestu` nahi izan du eta orain arte bildutako sinadurak entregatu zituzten mozioa aurkeztearekin batera. Hala ere, sinadurak biltzen jarraituko dute eta 1.000 biltzea dute helburu. Erakundetik diotenez ez daude ´kopuru horretatik urrun`, baina mozioa ´lehenbailehen` aurkeztu nahi zutelako, orain arteko sinadurak entregatu dituzte. Sinadurekin, Etxeratek ´legitimitatea` eman nahi dio mozioari, ´ez dezaten baztertu, beti bezala`.