Udal Bozeramale Batzordeak ezezkoa eman dio Urumea Bailara Bizirik-ek presentatutako mozioari

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 11a, 01:00

EB-Berdeak taldeak mozioaren alde bozkatu zuen. EA, EAJ, PP eta PSE/EE mozioaren bi puntuen aurka azaldu dira.

joan den ostiralean, Udal Bozeramale Batzordeak ezezkoa eman zion Urumea Bailara Bizirik errausketaren aurkako taldeak abenduan presentatutako mozioari. Bozeramale Batzordeko alderdi ia guztiek (EB-Berdeak-ek izan ezik) mozioaren aurka bozkatu zuten. EB-Berdeak-ek alde bozkatu zuen. Urumea Bailara Bizirik-ek abenduan presentatu zuen mozioa, errausketaren aurka Hernanin bildutako 5.000tik gora firmekin batera, eta bi puntu nagusi ditu: 1) Errausketa sistema gaitzesten du, eta ez hemen eta ez inon egiteko eskatzen; 2) Udalari eskatzen zaio, zaborra gestionatzeko alternatibak aztertu eta bultzatzeko lana bere gain hartu dezala, herrian lan horretan ari diren taldeekin elkarlanean. Bi puntuei eman die ezezkoa Bozeramale Batzordeak.

´Beste erremediorik ez dago`

Andoni Amonarraizek Kronikari esan dionez, beste bide hoberik jartzen ez den bitartean, ez dago erraustegia egin beste erremediorik. ´Ez da errausketaren aldekoak garela, baizik ez dagoela beste erremediorik`. Bestalde, mozioaren bigarren puntuari ezezkoa eman diotela dio, ´San Markosen barruan ari delako Hernani alternatiben alde borrokan`.

EB-Berdeak harrituta

EB-Berdeak-ek Kronikara bidalitako prentsa oharrean dioenez, ´harritzekoa da lau alderdiek bigarren puntuari ere ezezkoa ematea, hain zuzen, bai Europako, Gipuzkoako zein San Markoseko txostenek esaten dutenean, errausketak azken aukera izan behar duela eta beste alternatibek lehentasuna eduki behar dutela`. EB-Berdeakek dio, baita ere, Hernanik bilatu litzakeela alternatibak, San Markosen barruan egonda ere: ´Hori da errausketaren aurka gauden partidu guztiok dugun konpromisoa`.

´Notifikazio ofizialik ez`

Urumea Bailara Bizirik taldeak Kronikari esan dionez, notifikazio ofizialik ez dute jaso, mozioari buruz ez non hitz egingo zen, ez noiz hitz egingo zen, eta ez erabakia zein izan den. ´5.000 firmekin batean presentatutako mozio bati garrantzia haundiagoa ez ematea lotsagarria iruditzen zaigu`. Taldeak esan duenez, aurrerago egingo dute balorazio sakonagoa. Kronikak ez du lortu beste alderdiekin hitz egiterik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!