Servando Rivas gaur Sagastialden, Gipuzkoako txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2007ko ots. 10a, 01:00

Mailu tiralariak Euskadiko errekorra lortu zuen joan den asteburuan. Euskadiko txapelketan urrezko hiru domina CD Hernanirentzat.

Joan den astean, Sagastialdeko pistan egindako proban, Servando Rivas CD Hernaniko atletak mailu jaurtiketako Euskadiko errekor berria jarri zuen, jubenil mailan (53,74 m.). Gipuzkoako atletismo federazioak antolatu zuen proba eta Rivasekin batera, Bidasoa klubeko hiru atletek hartu zuten parte. Gaur mailu jaurtiketako Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Sagastialden, eta bertan Servando Rivasek parte hartuko du, podioko gorenera igotzeko asmotan. Txapelketa 11:00etan hasiko da.

Euskadiko txapelketan urrezko hiru domina

Joan den asteburuan CD Hernaniko jubenil eta kadeteek pista estaliko Euskadiko txapelketan hartu zuten parte, eta urrezko hiru domina lortu zituzten. Maitane Iruretagoienak eta Enara Agirrezabalak urrea lortu zuten 60m. eta 300 m-tan. Jose Maria Santana beteranoak ere urrea lortu zuen 800 m.-ko proban. Horrez gain, Lide Redondok klubeko errekor berria lortu zuen jauzi hirukoitzean (10,53 m.), brontzea irabazteaz gain.

Aldabe eta Iruretagoiena, Espainiako txapelketara

Eider Aldabe (800 m.) eta Maitane Iruretagoiena (60 m.) korrikalari hernaniarrek Espainiako txapelketan hartuko dute parte, gaur eta bihar, Zaragozan. Iruretagoienak parte hartzaileen arteko 5garren marka onena du eta domina lortu lezake.

Adarraga memoriala bihar Landaren

Haurrek eta helduek kros lasterketa irekia izango dute bihar Landaren, Adarraga memoriala jokatuko baita, goizeko 10:00etatik aurrera. Me-moriala Gipuzkoako txapelketa ere izango da; haurrentzako eskolartekoa eta helduentzat kros laburrekoa.

Irteera ordutegia

Alebinek, infantilek eta kadeteek hartuko dute parte Gipuzkoako eskolarteko txapelketan. Kadeteen proba 10:00etan (neskak) eta 10:15etan (mutilak) izango dira. Alebinak 10:35etan eta 10:55etan aterako dira eta infantilak 11:20etan eta 11:45etan. Azkenak senior eta promesak izango dira, kros laburrean (4.000 m.). Hauek 12:15etan aterako dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!